- San Josék Justizia Errestauratiboari buruzko Jardunaldi Iberoamerikarren inaugurazioan parte hartu du gaur Lisboan
- Jardunaldiak gaur eta bihar egingo dira, eta Inés Soria Espetxe Erakundeetako aholkularia ere bertan izango da
María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak gaur adierazi duenez, justizia errestauratiboak “biktimengan jarri behar du arreta, begirada errestauratiboarekin, haien harreratik, laguntzatik eta erabakiak hartzeko babesetik abiatuta”, eta aurreratu du Euskadin lantzen ari den legeak eredu hori ikusarazi eta sendotu nahi duela.
San Josék Justizia Errestauratiboari buruzko Jardunaldi Iberoamerikarren inaugurazioan parte hartu du gaur Lisboan. Foro horrek, bi egunez, Iberoamerikako hainbat herrialdetako, hala nola Portugal, Espainia, Brasil, Txile, Argentina, Ekuador eta Kolonbiako, adituak, profesionalak, ikertzaileak eta gizarte zibileko kideak bilduko ditu, justizia errestauratiboari eta delituen biktimengan duen inpaktuari buruzko hausnarketa egiteko.
Bere saioan, San Josék nabarmendu du foroaren izenburuak eta gaiak −‘Justizia Errestauratiboa biktimen ikuspegitik’− berak zuzentzen duen Sailaren helburuak islatzen dituztela; izan ere, “biktimek behar duten lekua aitortzeko uste sendoak gidatzen gaitu” esan du. Alde horretatik, sailburuak gogoratu duenez, bere Sailak “dituen bi arlo garrantzitsuek biak lotzen dituen elementu komun bat partekatzen dute: biktimak eta erreparazioa”.
“Biktimei laguntzea erantzukizun saihestezina da, Biktimari Laguntzeko Zerbitzuak eskaintzen duen laguntza integralaren bidez gauzatzen dugu erantzukizun hori, zigor-prozeduraren hasieratik babesa ziurtatuz”, berretsi du. San Josék nabarmendu du ikuspegi errestauratiboa ez dela mugatzen biktima eta biktimarioa elkartzeko programara; horrez gainera, biktimari arreta emateko moduan presente egon behar du, harrera, aholkularitza eta erabakiak hartzeko orduan babesa barne hartuz. “Horrek guztiak dedikazio-denbora eta arreta kualitatiboa eskatzen ditu”, adierazi du.
Justizia-sistemari batasuna ematea
Azaldu duenez, “orain dela hiru urte eta erditik Eusko Jaurlaritzak eskumena du espetxe-administrazioaren arloan, eta legealdi honetan Justizia sistemari batasuna emateko aukera dugu, prozeduraren hasieratik zigorra betetzeko azken egunera arte. Horrek prozedura-judizialaren etapa guztietan sortzen diren zeharkako politiketan lan egiteko aukera ematen digu, etapa horietatik pasatzen den pertsona berbera baita”.
Gaineratu du zigor-betearazpeneko sistema bakarra dela, printzipio berberek gidatua, “pertsonak delitua berriro ez egitea, zigorraren amaierak gizarteratzeko funtzioa izatea eta biktimak bere lekua izatea, hala nahi izanez gero, berriro biktimizatzeko arriskurik gabe”. Bere ustez, “orientazio erreparatzaileak Justiziarekiko lankidetza-zerbitzu guztiak barne hartu behar ditu”.
San Josék bere Saila garatzen ari den justizia errestauratiboaren lege-aurreproiektua ere aipatu du, eta esan du urtea amaitu aurretik idatzita egotea espero duela eta Europar Batasunaren jarraibideak betetzea eta Euskadin eredu hori sendotzea duela helburu. “Lege-testu hau sortzeak justizia errestauratiboari buruzko ezagutza eta kontzientziazioa ikusaraztea eta erraztea ahalbidetuko du”, gaineratu du.
Justizia Errestauratiboaren Kontseilu Iberoamerikarraren aurkezpena
Ekitaldian Justizia Errestauratiboaren Kontseilu Iberoamerikarra ere jarri da abian. Diziplina anitzeko kontseilu hori arlo horretan eta beste eremu profesional batzuetan adituak diren teknikariek osatzen dute, eta bere bidez herrialdeen arteko lankidetza eta jardunbide egokien trukea sendotu ahal izango da, adibidez, arlo horretako prestakuntza indartuz.
Bihar jarraituko duten eta Inés Soria Eusko Jaurlaritzako Espetxe Erakundeetako aholkulariak ere parte hartuko duen jardunaldietan Iberoamerikako testuinguruan garatutako esperientziak eta ikuspegiak aurkezten ari dira, justizia errestauratiboaren eredu inklusiboagoak eta biktimen beharretara egokituak indartzea helburu dutenak. San José sailburuak biktimen ahotsak aintzat hartu eta errespetatuko dituen justizia-sistema baten alde egiteko konpromisoa azpimarratu du.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)