Justizia eta Giza Eskubideen sailburua eta Gogora Institutuko zuzendaria Badajozera eta Ciudad Realera joan dira, Urduñako espetxe frankistako lau biktimaren gorpuzkiak familiei emateko

Argitalpen-data: 

  • Gaur hasi eta ostirala bitartean emango zaizkie euren familiei Faustino Aguado Serranoren (Ciudad Real) eta Manuel Guillén Expósito, Miguel Fuertes Molina eta Antonio Monge Cruceraren gorpuzkiak, azken hirurak Badajozekoak
  • Bidaia hau biktima berri baten identifikazioarekin batera gertatu da; Mariano Gutiérrez Segura Argamasilla de Calatravako (Ciudad Real) da bera
  • Azken horrekin, 23 dira Urduñan identifikatutako pertsonak, guztira berreskuratutako 93 pertsonetatik
  • Identifikazioei buruzko informazio gehiago https://labur.eus/orduna

María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideetako sailburua eta Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria Badajoz probintziako zenbait herri eta Ciudad Realeko Tomelloso herrian izango dira egunotan, identifikatutako lau pertsonaren gorpuzkiak entregatzeko. Pertsona horiek Urduñako espetxe frankistako biktimak dira.

Horrela, gaur arratsaldean, Antonio Monge Cruceraren familiak haren gorpuzkiak jasoko ditu Medellinen (Badajoz) eta modu pribatu batean egingo du, familiak hala eskatuta. Haren gorpuzkiak 2014ko lehen kanpainan berreskuratu ziren Orduñako hilerritik, beste 13 pertsonarenarekin batera, eta Urduñako Duintasunaren Kolunbarioan lurperatuta egon dira, identifikatu ahal izan diren arte.

Antonio nekazaria zen lanbidez, ezkonduta zegoen eta bikoteak 5 seme-alaba zituen. Atxiloketa zentro desberdinetatik igaro ondoren, Castuerako (Badajoz) kontzentrazio esparrutik Urduñako Espetxe Zentralera eraman zuten, beste hainbat extremadurar bezala. 1941eko apirilean hil zen 58 urte zituela.

Bihar, azaroak 27, 12:00etan, sailburuak Manuel Guillén Expositoren gorpuzkiak bere familiari emango dizkio Badajozeko San Juan hilerrian. Manuel guardia zibila zen lanbidez, ezkonduta zegoen eta bikoteak 6 seme-alaba zituen. 1941ean Urduñako espetxean hil zen, hainbat atxilotze zentrotatik igaro ondoren. 42 urte zituen.

Egun berean, arratsaldean, 16:30ean, Mirandillako hilerrian (Badajoz), Miguel Fuertes Molinaren familiak haren gorpuzkiak jasoko ditu. Miguel nekazaria zen lanbidez, eta besteak bezala, atxilotze-zentro batzuetatik igaro ondoren, Castuerako kontzentrazio-esparrutik Urduñara eraman zuten. Espetxe Zentralean hil zen, 1941eko maiatzean, 26 urte besterik ez zituela, dokumentazio ofizialaren arabera, avitaminosiak jota.

Ostiralean, azaroak 28, Alberto Alonso Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak Faustino Aguado Serranoren gorpuzkiak emango dizkio familiari, Tomellosoko (Ciudad Real) hilerrian, 12:00etan.

Faustino Tomellosokoa (Ciudad Real) zen, ezkonduta zegoen eta bikoteak 5 seme-alaba zituen. San Juango Alkazarreko Alderdiko Espetxetik Urduñako espetxera eraman zuten 1940ko martxoan, eta 1941eko apirilean hil zen, 47 urte zituela.

Identifikatu berri bat

Gerra Zibilean Desagertutako Pertsonak Bilatzeko eta Identifikatzeko Programak beste emaitza positibo bat eman du. Mariano Gutiérrez Segura Argamasilla de Calatravako (Ciudad Real) bizilagunaren gorpuzkiak genetikoki identifikatu dira. Bere kasua Antonio Monge Crucerarena bezalakoa da. 2014an desobiratu ziren bere gorpuzkiak Urduñako hilerritik eta haren Duintasunaren Kolunbarioan zeuden, genetikoki identifikatu ahal izan diren arte. Familiak badu dagoeneko identifikazioaren berri eta datozen asteetan jasoko dute etxekoaren gorpuzkia.

Mariano putzugilea zen lanbidez, ezkonduta zegoen eta senar-emazteek 3 seme-alaba zituzten. 1939ko ekainean espetxeratu zuten Almodovar del Campoko (Ciudad Real) Partido espetxean eta Urduñako Espetxe Zentralera eraman zuten 1940ko martxoaren 8an. 1941eko maiatzean hil zen.

Urduñako espetxean hildakoen zerrenda (1937-1941)

Identifikazio genetikoa posible izan dadin, beharrezkoa da hildakoen ondorengoen DNA laginak hezurretatik ateratako laginekin alderatzea. Familiako lagin horiek aukera ematen dute Gogoraren DNA Bankua handitzeko eta identifikatzeko probabilitatea handitzeko; izan ere, askotan, bizirik dagoen senidearen lagin bat baino gehiago eman behar izaten da identifikazioa amaitzeko.

Bizkaiko espetxe honetan  hildako presoen kasuan, izen-abizenak eta jaioterria jasotzen dituen zerrenda bat dago, eta, beraz, biktima horien senitartekoak kontsulta dezaten eskatzen zaie. Hemen aurki daiteke: https://labur.eus/lista

Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuarekin harremanetan jartzeko:

gogora@euskadi.eus | +34 944 032845

Urduñari buruzko informazio gehiago: https://labur.eus/orduna

Gerra Zibilean Desagertutako Pertsonak Bilatzeko eta Identifikatzeko Programa

Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren Gerra Zibilean desagertutako pertsonak bilatzeko eta identifikatzeko programaren barruan sartzen dira Urduñako hilerriko 93 biktimak berreskuratzeko lanak eta biktima horiek identifikatzeko ahaleginak. Euskal Prospekzio Taldearen bidez egiten du, eta hark aurkitzen ditu balizko ehorzketak; Aranzadi Zientzia Elkartea, hobitik ateratzeko lanen eta auzitegi-antropologiaren arduraduna; eta UPV/EHUko Biomics laborategi genetikoa, DNA Bankuaren laginak erkatzearen bidez genetikoki identifikatzearen arduraduna.