Justizia eta Giza Eskubideen Sailak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak Euskadiko sistema judizialaren modernizazioa sustatu dute

Argitalpen-data: 


      REUNION_TSJPV_2501292(2).jpeg

 

  • Erakunde arteko Batzordea Euskadiko antolamendu judiziala egokitzen ari da 1/2025 Lege Organiko berria indarrean sartzean
  • Bileran Justiziako Zerbitzu Publikoaren Efizientziari buruzko Legea ezartzeko eta Euskadiko antolamendu judiziala hobetzeko egindako aurrerapenak eta emango diren hurrengo urratsak aztertu dira

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak eta Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailak aurrerapausoak eman dituzte gaur Euskadiko sistema judizialaren modernizazioa bultzatzeko, Justiziako zerbitzu publikoaren efizientziaren arloko neurriei buruzko lege organiko berria indarrean sartu denean. Bi erakundeak elkarlanean ari dira antolamendu judiziala hobetzeko.  

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Salaren eta Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren arteko batzordeak bilera egin du gaur Bilbon, gobernua aldatu ondorengo lehenengoa. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren gobernu-araudian aurreikusita dagoen batzorde horren helburua da botere judizialaren eta Justizia Sailaren arteko harremanak koordinatzea, bereziki Justizia Administrazioak behar bezala funtzionatzeko beharrezkoak diren langileak eta baliabide materialak, teknologikoak eta ekonomikoak hornitzeari dagokionez.

Bileraren buruan Iñaki Subijana, EAEJANko presidentea, eta María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburua izan dira. Bilera horretan Auzitegiko Gobernu Salak izendatutako gainerako kideek eta Justizia Sailburuordetzaren ordezkariek ere parte hartu dute. Topaketak garrantzi berezia izan du; izan ere, Justiziako zerbitzu publikoaren efizientziaren eta irisgarritasunaren arloko neurriei buruzko lege organikoa indarrean sartzean, antolamendu judiziala egokitzeko beharrezkoak diren lanak jorratu dira.

Alde horretatik, Euskal Autonomia Erkidegoak erreforma esanguratsuak ezarri ditu azken urteotan, eta, neurri batean, legedi berriko eskakizunetara doitzen dira. Bilerak Euskadiko sistema judiziala modernizatzeko erronka eta estrategietan aurrera egiteko aukera eman du, justizia-zerbitzu eraginkorragoa, irisgarriagoa eta pertsonen beharretara egokitua bermatzeko.  

Antolamendu judizialean beharrezkoak diren aldaketak eraginkortasunez ezarriko direla ziurtatzeko hurrengo urratsak ere zehaztu dira bileran, Euskadin Justizia Administrazioaren irisgarritasunean, efizientzian eta modernizazioan erreferentziazko eredu bat lortzea bilatuz.

 

Bilbo, 2025eko urtarrilak 29

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)