Jaurlaritzak babestutako 297 etxebizitza berri eta gazteentzako 84 zuzkidura-bizitoki bultzatuko ditu

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzak alokairu eskuragarriko 297 etxebizitza babestu berri sustatu nahi ditu Zabalganan eta Larreinen, eta argi berdea eman die Loiolako Erriberako 84 zuzkidura-bizitokiei.

Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak azaldu duenez, bere sailak hitzarmenak sinatuko ditu Torgiko Alde 21 S.L.U. eta Mijusar S.L. entitateekin, Gasteizen, hurrenez hurren, 120 eta 177 etxebizitza babestu eraikitzeko.

Etxebizitzen %50a, gutxienez, 21.000 eta 30.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituztenentzat izango dira.

Interesdunek etxebizitza-eskatzaileen erregistroan (Etxebide) inskribatuta egon behar dute. Erregistro horretan sustapen aktiboak ezagutu ahal izango dituzte. Eusko Jaurlaritza-Zuzenean eta Euskal Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez egin ahal izango da inskripzioa.

“Ekimen hauek, 13 milioi euro baino gehiagoko dirulaguntzekin, alokairu eskuragarriarekiko eta hiri-garapen jasangarriarekiko konpromisoa indartzen dute Arabako hiriburuan” ziurtatu du sailburuak.

Denis Itxasok azpimarratu duenez, bi sustapenak, gutxienez, 50 urterako alokairu eskuragarrirako izango dira, eta 45.000 euroko laguntza ekonomikoa jasoko dute bizitoki-unitate bakoitzeko. Gainera, pizgarri gehigarriak ezarriko dira nahitaezko epea bete ondoren etxebizitzak erregimen horretan mantentzen dituztenentzat, eredu horren jarraipena sustatuz.

Sailburuak azaldu du, halaber, Eusko Jaurlaritzak Donostiako Udalarekin sinatutako hitzarmenean gehigarri bat onartu duela, zeinaren bidez Udalak konpromisoa hartzen duen Loiolako Erriberetako lurzatia lagatzeko.

Helburua da Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak 84 zuzkidura-bizitoki eraikitzea gazteentzako txandakako alokairu-erregimenean.

Lan-kontratuko langile finkoen erretiro partziala

Halaber, Eusko Jaurlaritzak Administrazioko Negoziazio Mahai Nagusiak egin duen proposamena onartu du gaur Euskadiko lan-kontratuko langile finkoen 2025eko erretiro partzialari begira. 

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak azaldu duenez, adinagatik 633 langile dira neurri honetaz baliatu ahal izango direnak.

Planak 3 urte eta 6 hilabeteko epea estaliko du, langile horiek ohiko erretiroa hartzeko adinera iritsi arte eta aurreikuspen ekonomikoa 18.702.198 eurokoa da.

Gobernu Kontseiluak gaur onartu duen erabakia CCOO eta UGT sindikatuek sinatu zuten Mahai Orokorraren azken bileran.

Hauek dira erretiro aurreratuari buruzko planaz baliatu daitezkeen langileak:

  • Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako lan-kontratuko langileak;
  • Hezkuntza Saileko lan-kontratuko irakasle eta hezitzaileak;
  • Hezkuntza Saileko lan-kontratuko langileak;
  • Hezkuntza Saileko erlijioko lan-kontratuko langileak;
  • Segurtasun Saileko lan-kontratuko langileak,
  • Osakidetzako lan-kontratuko langileak.

Behin-behinekotasuna murriztea Osakidetzan

Osasuneko sailburu Alberto Martínezek Osakidetzako LEPen egungo egoera azaldu du, eta 2025ean behin-behinekotasuna murrizteko hartu beharreko neurriak ere. Ildo horretan, adierazi du martxoan 11.057 plaza esleituko direla Osakidetzan, bere historiako kopururik handiena; horrela, %10,72ko behin-behinekotasuna lortuko da.

Era berean, lan-eskaintza publiko berriak iragarri ditu. Aurtengo lehen seihilekoan betetzeko zailak izango direnak, hala nola, lehen mailako arretako familia-medikuentzat eta pediatrentzat, eta ospitalez kanpoko arretako psikiatrentzat; horrez gain, 23-24-25 lan-eskaintza publiko berriak iragarri ditu, 4.000 plaza baino gehiagorekin, eta, beraz, gutxi gorabehera, % 8,5eko bitartekotasun-tasa lortuko da.

Azkenik, LEPen eredu berri bat lantzen ari direla azaldu du, arinagoa eta prozesu sinpleagoekin, mahai sektorialean negoziatuko dena.

Itsasertzaren eta zinematografia-funtsaren kudeaketa

Gobernu Kontseiluak ontzat eman ditu, baita ere, itsasertzaren antolamendu eta kudeaketaren arloko partidak eta zinematografia-funtsaren arlokoak 2025eko aurrekontuan sartzeko dekretuak. 2025eko aurrekontuan, 2 milioi euro pasatxo jarriko dira horretarako.

Maria Ubarretxena bozeramaileak gogorarazi du itsasertzaren antolamendu eta kudeaketari esker, Euskadik azkarrago eta eraginkortasun handiagoz hartuko hala izango dituela erabakiak gure itsasertzean eragina duten azpiegitura eta proiektu ekonomiko, kultural, ingurumeneko, energetiko edo bestelakoei buruz.

Jarduera zinematografikoari eta ikus-entzunezko jarduerari dagokienez, eskumen honi esker Euskadik ahalmena izango du ikus-entzunezkoak garatzeko laguntzak kudeatzeko, ikus-entzunezkoen alfabetizazio-politikak abiarazteko (zine-aretoak bultzatzeko, adibidez), eta euskarazko ikus-entzunezko lanak ekoizteko, banatzeko eta erakusteko laguntzak kudeatzeko.

Elikagaien kontrol sanitariorako hitzarmena

Era berean, Gobernu Kontseiluak erabaki du gaur lankidetza-akordio bat sinatzea Espainiako Gobernuarekin, nekazaritzako elikagaien analisi sanitarioak eta haiek ekoizteko bitartekoenak hobetzeko eta koordinatzeko.

Bozeramailearen hitzetan, “hitzarmenak aukera emango digu bi erakundeoi elkarrekin lan egiteko”.

Alde biek konpromisoa hartzen dute besteak eskatzen dituen laginen analisi ofizialak egiteko. Gainera, aholkularitza eta kolaborazioa eskainiko diete elkarri, nekazaritzako elikagaiak egiaztatzeko prozesuetan eta iruzurra kontrolatzeko prozesuetan.

Eusko Jaurlaritzak zorpetze-eragiketak egin ahal izango ditu aurten

Gobernu Kontseiluak Zor Publikoaren jaulkipen bat edo gehiago egitea erabaki du, eta gehienez 1.284.992.934 euroko mailegu-eragiketak ituntzeko baimena eman du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen Legean ezarritakoaren arabera. Zorpetze-eragiketa horietatik eratorritako baliabideak aurtengo urterako Aurrekontu Orokorrak finantzatzeko erabiliko dira.

Prentsa-Txostena

Gai Zerrenda

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)