Japoniako merkataritza-ordezkaritza bat Euskadin izango da Arabako Errioxako ardoaren, txakolinen eta sagardoen eskaintza ezagutzeko

Argitalpen-data: 


      29_10_2024_OSAKA__8_.jpg
  • Iazko urrian Osakan eta Tokion egindako sustapenaren ondoren sortutako interesa
  • Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako upategiak, mahastiak eta sagardotegiak ezagutuko dituzte
  • Elikadurarekin eta edariekin erlazionatutako 16 inportatzaile, sommelier, kazetari, influencer eta irakaslek parte hartuko dute dastaketa eta topaketetan
  • Fukushima, Tokio eta Yamanashitik etorri dira: astelehenean, hilaren 26an, hartuko ditu Amaia Barredo sailburuak Laguardian

Vitoria-Gasteiz, 2025 05 23

Japoniako merkataritza-ordezkaritza bat Euskadin izango da egun hauetan Arabako Errioxako ardoen, txakolinen eta sagardoen eskaintza ezagutzeko. Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak joan den irailean Euskadiko upategiak Tokion eta Osakan aurkeztu ondoren, Amaia Barredo sailburuaren ustez “aukera bikaina ireki zaie gure produktuen esportazioei, eta euskal gastronomiarekiko gero eta interes handiagoa dago. Orain zehatz-mehatz ezagutu nahi dituzte gure produktuak, eta horrek, zalantzarik gabe, merkatu berri eta indartsu baten ateak zabalduko ditu”.

 

Japoniako ordezkaritza elikadurarekin eta edariekin erlazionatutako 16 inportatzaile, sommelier, kazetari, influencer eta irakaslek osatzen dute. Maiatzaren 24tik 30era bitartean, Arabako Errioxa, Bizkaiko Txakolina, Getariako Txakolina eta Euskal Sagardoa jatorri-deiturak ezagutuko dituzte hainbat upategitan.

Bi helburu dituen merkataritza-misioa da: Japonian agenterik ez duten upategientzat inportatzaileak bilatzea eta dagoeneko Japonian presentzia duten upategiak eta jatorri-deituren ezagutza zabaltzea”, aipatu du Amaia Barredok. Sailburuak astelehenean, maiatzaren 26an, lehenengo orduan, hartuko du ordezkaritza Villa Lucía etxean, Laguardian.

Arabako Errioxan “Basque Wine, lurraldea eta kultura” gaiari buruzko dibulgazio-topaketa batean parte hartuko dute, bai eta dastaketa batean ere Laguardian, eta Mikel Garaizabal sommelier eta enologoak Arabako Errioxako ardoari, txakolinari eta euskal sagardoari buruz emango duen masterclass batean ere izango dira.

Japonian, oraingoz, inportatzailerik ez duten eta euren produktuak herrialde horretan sartu nahi dituzten Arabako upategiek topaketak izango dituzte bisitariekin. Bisitarien taldean, bai dibulgatzaileek bai inportatzaileek hainbat bilera egingo dituzte interesa erakutsi duten upategiekin, eta horietara bisitak ere egingo dituzte.

Japoniako dibulgatzaileek hainbat upategi ezagutuko dituzte eta mahastiak bisitatuko dituzte. Elciego izango da beste interes guneetako bat. Laguardiatik Arabako Errioxako Kuadrillako hainbat lekutara joango dira, eta ehun urtetik gorako upategiak bisitatuko dituzte eta dastaketak egingo dituzte Laguardiako harresien azpian. Herri horretan, elizatea eta Kantabria mendilerroko paisaiak ezagutuko dituzte.

Asteazkenean Samaniegon ibiliko dira, eta handik Donostiara joango dira bertako pintxo eta “poteo” ohitura ezagutzeko. Hurrengo egunean hainbat topaketa egingo dituzte Getariako Txakolina jatorri-deituraren barruan Getarian, Hondarribian, Aian eta Zarautzen, eta Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren barruan Astigarragan.

Eusko Jaurlaritzak bultzatuta, joan den urrian euskal ordezkaritza batek Arabako Errioxako ardoak, Getariako, Bizkaiko eta Arabako Txakolina eta Euskal Sagardoa sustatu zituen Osakan eta Tokion.

Profesionalek, prentsa espezializatuak eta, besteak beste, Yoshitsugu Yamamoto eta Ryusuke Nakano chefek lagunduta, Amaia Barredo sailburuak orduan nabarmendu zuen gero eta handiagoak direla Japoniak eta Euskadik merkataritzaren, gastronomiaren eta kulturaren arloan dituzten loturak, eta Euskadi-Japoniako produktuen “uztarketan” parte hartu zuen, Arabako Errioxako ardoek, txakolinek eta Euskal Sagardoak lagunduta. Horrek euskal proposamenarekiko interesa sortu zuen Japonian, eta orain merkataritza-akordio berriak itxi ahal izango dira.

 

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)