Itxasok gogorarazi du Prezioen erreferentzia-indizea egiteko ezinbestekoak direla errentatzaileen zerga-datuak, eta Arabari eskatu dio horiek biltzeko, alokairuen kontrolean aurrera egin ahal izateko

Argitalpen-data: 


      Itxaso__hoy_en_el_Parlamento_Vasco.jpg
  • Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak azpimarratu du maizterrak babesteko neurriak dagoeneko aplikatzen ari direla tentsionatutako eremuetako kontratuen % 90en, eta datorren astean hasiko direla Gipuzkoako guztietan aplikatzen; Prezioen erreferentzia-indizea argitaratzen denean izango da hori, eta edukitzaile handiei eta alokairu berriei aplikatuko zaie.
  • Itxasok nabarmendu duenez, “urtea amaitu baino lehen, beste 6 udalerri gehituko zaizkie ofizialki tentsionatutako eremu izendatu diren 10 udalerriei; beraz, tentsionagarriak izan daitezkeen udalerrietako biztanleriaren % 70 (Euskadiko guztizko % 50, milioi bat pertsona baino gehiago) maizterrak babesteko Etxebizitza Eskubidearen Estatuko Legean jasotako neurrien onuradun izango da.

Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak gaur goizean adierazi du Eusko Legebiltzarrean EAEko hiru lurraldeetan prezioen erreferentzia-indizeak lortzeko lanetan aurrera doazela. “Gipuzkoaren kasuan, datozen egunetan argitaratuko da indizea, iraila amaitu baino lehen ziurrenik”, azaldu du. Horrez gain, “Bizkaiko indizearen kasuan, hori egiteko kalkulatutako epea sei hilabete ingurukoa” izango dela iragarri du.

Xabier Astigarraga EH Bilduko legebiltzarkidearen interpelazioari kontroleko osoko bilkuran, sailburuak argi utzi nahi izan du abian dela maizterrak babesteko neurrien aplikazioa. Ildo horretan, azpimarratu du “tentsionatuta dauden udalerrietan alokairuen prezioa mugatzea guztiz aplikatzen ari direla kontratuen % 90ean”. Eta gogorarazi du soilik edukitzaile handien kontratuak, lehen aldiz alokatzen diren etxebizitzen kontratuak edo azken bost urteetan alokairuan egon ez direnak direla —“% 10”— erreferentzia-indizearen araberakoak.

Hala, “kasuen % 90ean, prezioak mugatuta daude dagoeneko, eta ezin izango dira urteko Etxebizitzak Alokatzeko Erreferentzia-indizeak adierazitakoa baino gehiago igo; indize hori indarrean dago, eta KPIaren azpiko igoerak finkatzen ari da”, azpimarratu du Itxasok. Era berean, arlo horretako arduradunak gaineratu du “urtea amaitzean, Euskadiko biztanleen % 50 tentsionatuta dagoen udalerri batean biziko dela”, eta, horren ondorioz, “udalerri horietan indarrean dauden 45.000 kontratuetatik 40.000ri oso-osorik aplikatuko zaizkiela tentsionatutako eremuetarako aurreikusitako babes-neurriak eta prezio-mugak”.

Zorroztasuna eta segurtasun juridikoa

Bizkorrago egitea gustatuko zitzaiela onartuta, lana ondo egiteko beharra defendatu du sailburuak. “Hartzen ari garen erabakiek ondorio zuzenak dituzte jabeen eskubideetan, eta, horregatik, segurtasun juridikoaren mesedetan, beharrezkoa da erabakiak zorroztasun tekniko handienarekin eta berme guztiekin hartzea”.

Euskal Estatistika Erakundearen (EUSTAT) lana ere nabarmendu du, eta aitortu du “Estatuko teknikarien zorionak merezi izan dituela, informazioa osatzeko aplikatutako metodologia eta ereduengatik”.

Gainera, Itxasok adierazi duenez, “Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren eta, bereziki, EUSTATen esku-hartzea —ez naiz nekatuko eskerrak emateaz— lankidetzakoa da, eta gure kudeaketaren emaitzak eta hori egikaritzeko epeak foru-ogasunekin daude zuzenean lotuta, haiek baitute eskumena eta informazioa”.

Zerga-datuak lortzeko zailtasunari dagokionez, sailburuak adierazi du Bizkaian “ez zela eskatzen alokairuko diru-sarrerak lortzen ziren etxebizitzak xehatzea, eta maizterrak identifikatzeko daturik ere ez zegoela”, nahiz eta arazo horiek konpontzen ari diren azken errenta-kanpainan zerga-ereduan egindako aldaketaren bidez. Araban, ordea, egoera zailagoa dela onartu du, aldaketa horiek ez baitira egin. “2026ko lehen seihilekoa izan liteke jomuga, baina Arabako Foru Ogasunari eskatzen diot errenta-aitorpenaren zerga-moduluan behar diren aldaketak egin ditzala, hala behar diren datuak biltzen hasi ahal izateko”.

Tentsionatutako 16 udalerri urtearen amaieran

Tentsionatutako eremuetan egindako aurrerapenen balantzea egin du Itxasok. “Errenteria tentsionatutako udalerri izendatu zenetik, 2025ean 10 udalerri izendatu dira, tartean Donostia eta Bilbo, eta laster beste sei batuko dira, Gasteiz barne”.

Horrenbestez, “tentsionagarriak izan daitezkeen udalerrietako biztanleriaren % 70, Euskadiko biztanleriaren % 50, milioi bat pertsona baino gehiago, maizterrak babesteko neurrien onuradun izango da, Etxebizitza Eskubidearen Estatuko Legean jasotakoari jarraiki”, azpimarratu du sailburuak.

“16 udalerri horietatik hamabi Gipuzkoakoak dira, eta urritik aurrera izango dute indarrean prezioen erreferentzia-indizea. Eta hamarretan EH Bildu dago udalean. Horrek erakusten du gai honetan elkarlana errealitatea dela eta, tentsionatutako eremuei dagokienez, posizioak ikusarazi nahi den horretatik baino hurbilago daudela”, gaineratu du.

Amaitzeko, erakundeen arteko elkarlana nabarmendu du sailburuak. “Bide eta eredu horretan egin dugu aurrera, eta horretan jarraitu nahi dugu; izan ere, urtebete barru akordioak lortu nahi ditugu tentsionatutako eremuak herritarren % 70era hedatzeko, eta udalen, foru-aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren arteko elkarlanarekin egin nahi dugu hori. Nire ustez, balantze ona da”.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)