Irurak martxan jarri du Establezimendu Lagunkoien programa

Argitalpen-data: 

Urriaren 10ean Iruran aurkeztu zen Establezimendu Lagunkoien programa, Euskadi Lagunkoia Berria ekimenaren baitan. Azken hilabeteetan, Irura Lagunkoiako taldeak herriko establezimenduekin lanketa sakona egin du, adin guztietako pertsonei arreta hobea eskaintzeko behar eta aukeren inguruan hausnartuz.

Prozesu parte-hartzaile horren ondorioz, hainbat konpromiso praktiko zehaztu dira, establezimenduek ingurune lagunkoiagoa eskaintzeko helburuarekin. Hona hemen hartutako konpromiso nagusiak:

  1. Bezeroek atseden hartzeko aulkiak jartzea.

  2. Kartelak eta prezioak argi, ikusgai eta eguneratuta edukitzea.

  3. Laguntza-elementuak eskaintzea, hala nola lupa, makila eusteko tresnak edo abanikoak.

  4. Bezeroei era aktiboan entzutea eta haien iritziak kontuan hartzea.

  5. Komun publiko egoki eta hornitua eskaintzea.

  6. Irisgarritasuna bermatzea, ranpa eta pasabide libreekin.

  7. Argiztapen egokia eta nahikoa izatea.

Guztira, sei establezimendu izan dira programara atxiki direnak, Irurako merkataritza-sarea pertsona guztientzako atseginago eta errazago egiten lagunduz.

Ekimena Euskadi Lagunkoia Berria sarearen parte da, eta bere helburua da merkataritza eta ostalaritza guneak ere adin guztietako pertsonentzat lagunkoi bihurtzea, herrien bizitasuna eta harreman sozialak sustatuz.