Irailean hainbat bilera egin dira Arabako udalerrietan, jarraipena eta laguntza emateko asmoz. Helburua argia izan da: lagunkoitasunean urrats berriak egitea eta prozesua landa-eremu bakoitzaren errealitatera egokitzea.
Irailak 15, astelehenean, Agurainen izan zen lehen hitzordua. Gizarte Ekintzako zinegotziak, Kulturako teknikariak, Prebentzio Komunitarioko arduradunak eta Euskadi Lagunkoia taldeko kideek hartu zuten parte. Udalerriko gaur egungo egoera berrikusi zen, eta nabarmendu zen Helduak Zabaltzen proiektua dela gaur egun lan-ildo nagusia.
Irailak 17, asteazkenean, Iruña Okan egin zen hurrengo bilera. Han elkartu ziren Eusko Jaurlaritza, Animazio Soziokulturala, Gizarte Ekintzako zinegotzia eta Foru Ongizate Institutuko Prebentzio Komunitarioko teknikaria. Adostu zen diagnostikoaren datuak eguneratzea tokiko elkarteekin batera, eta dagoeneko badauden gune komunitarioak baliatzea lagunkoitasuna sustatzeko.
Irailak 18, ostegunean, Bernedon bildu ziren. Han, kontzejuetan komunitateko eragileen mapa egiten ari dira herritarren parte-hartzea indartzeko. Azpimarratu zen, halaber, Arabako Mendialdeko Landa Garapeneko Elkartearen laguntza ezinbestekoa dela, eskualdean sortzen ari diren aukerak elkarrekin baliatzeko.
Azken hitzordua irailaren 25ean izan zen, Lagránen. Proiektua aurkeztu zitzaien Lagrán eta Peñacerradako alkateei, Bernedoko Udalaren parte-hartzearekin. Saio honek hausnarketarako tartea eskaini zuen: nola egokitu lan egiteko moduak landa-errealitatera, lagunkoitasuna benetako aukera izan dadin Arabako herri txikietan.
Bilerok agerian uzten dute Arabako herrien aniztasuna eta ingurune lagunkoiagoak eraikitzeko konpromiso irmoa, ikuspegi rurala erdigunean jarrita.