Irailaren 8an, Euskal Diasporaren Egunean, Puntistak eta haien Familiak omenduko ditu Euskadik

Argitalpen-data: 

  • Markina-Xemein Bizkaiko udalerriko pilotalekuak ekitaldi garrantzitsu hau jasoko du, kirolari hauek Euskadiren eragile diplomatiko gisa egindako ekarpena aitortzeko
  • Dagoeneko ehun eta berrogeita hamar urte igaro dira zumezko saski bat erabiliz lehenengo partidu profesionala jokatu zenetik, hain justu ere, Argentinan izan zen, diotenez, Eibarko Txikito pilotari handiaren ekimenez. Bost kontinenteetako lautan aritu ziren, Ziortza Olano Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariak adierazi duenez.

Hurrengo irailaren 8an −Euskal Diasporaren Egunean− Bizkaiko Markina-Xemein udalerriko frontoian ekitaldi garrantzitsua egingo da, munduaren luze-zabalean barreiatuta dauden pilotalekuetan jokatu zuten puntistak eta haien ibilbidean ezinbesteko laguntza eskaini zieten sendiak omentzeko. Eusko Jaurlaritzaren arabera, kirolean arrasto nabarmena uzteaz gain, Euskadiren izena zabaltzeko enbaxadore modura ere zeresan izugarria izan dute ibili diren leku guztietan, zentzu horretan, iragan den 2025eko Jaialdian Imanol Pradales lehendakariak aipatu zuenez, gure diplomazian ezinbesteko eragileak dira `Euskadi Globala´ estrategiaren barruan.

Eusko Jaurlaritzaren Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritza eta Markina-Xemeingo Udala −puntisten kolektiboarekin elkarlanean− zeharo murgilduta daude jardunaldi honen antolaketa lanetan. Lehendakaria ere bertan izango da, eta ekitaldi honetan udalerriko hainbat kultur eragilek ere parte hartuko dute, bai eta Saint Pierre eta Mikelune Ternuako kostaldeko irla frantziarreko dantza taldeak ere. Uharte horretako euskal komunitatea oso  aktiboa eta indartsua da; hainbeste non Saint Pierreko frontoia Ipar Amerikako zaharrena ez bada ere zaharrenetako baita, hain justu ere, 1906. urtekoa.

Hiru asteren faltan, mota bateko eta besteko iradokizunak aztertzen ari dira guztiz itxita ez dagoen anbizio handiko agenda eskaintzeko, edonola ere, zesta puntarekin lotutako ordezkaritza zabala batzea espero da: pilotariak, familiak eta gizartea. Esan beharrik ez dago, ekitaldi hau aurrera eramateko gunea ere ez da kasualitatez aukeratu: Markina-Xemeingo pilotalekua, ‘Zesta Puntaren Unibertsitatea´. Iraganean, puntista handi ugariren eskola izandakoa, eta gaur egun ere bai, mundu osoko zale eta jokalari guztien elkargunea. Ildo beretik, antolatzaileak lanean ari dira jai alai bat daukaten mundu osoko euskal etxeek ahalik eta ordezkari gehien izan dezaten aitortza-ekitaldi honen barruan.

Ehun eta berrogeita hamar urte igaro dira zumezko saski bat erabiliz lehenengo partidu profesionala jokatu zutenetik. Zesta punta profesionala Argentinan jaio zen, eta sustatzaileetako bat Eibarko Txikito deitutakoa izan omen zen. Bost kontinenteetako lautan jokatu zuten. Ziortza Olano Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariaren ahotan, “komunitate horren zati handi bat etxera itzuli bazen ere, gaur egun, hainbat pilotari eta pilotarien familia ugari Mexikon, Estatu Batuetan, Italian, Filipinetan edo Macaon bizi dira oraindik, Euskadi ordezkatuz, ekimenak garatuz eta dauden lekuetan daudela herritarren arteko sareak eraikiz”.

Diasporaren Eguna

  1. urtean instituzionalizatu zenetik, Euskal Diasporaren Eguneko ekitaldi nagusia Euskal Herriko hainbat udalerritan ospatu da. Zehazki, irailaren 8an instituzionalizatu zen, Euskal Diasporak hala eskatuta, eta gero eta antolatutako komunitate gehiagok egin du bat ekimen honekin, une honetan, orotara, ehun ekitaldi baino gehiago antolatzen dira euskal presentzia duten mundu osoko hamaika herrialdetan.
  2. urtean Euskal Diasporaren Eguna lehen aldiz antolatu zenetik, etenik gabe, mota bateko eta besteko ekitaldiak antolatu izan dira urtero-urtero.
  • 2018 – Vitoria-Gasteiz (Lehendakaritzaren egoitza, Araba): ekitaldia aldi berean egin zen Euskadin eta munduan.
  • 2019 – Ispaster (Bizkaia)
  • 2020 – Ormaiztegi (Gipuzkoa)
  • 2021 – Vitoria-Gasteiz (Araba)
  • 2022 – Donibane Garazi (Iparralde)
  • 2023 – Gernika (Bizkaia)
  • 2024 – Oñati (Gipuzkoa)
  • 2025 – Markina-Xemein (Bizkaia)

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)