INFORMAZIO OHARRA

Argitalpen-data: 

EHUn, Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologiako Fakultatean tuberkulosi kasu bat hauteman ondoren, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak egoera hauetarako aurreikusitako protokoloa aktibatu dute, Osasun Saileko Osasun Publikoko Zuzendaritzako Epidemiologia Unitatearekin lankidetzan.

1. Kontaktuen azterketa

70 kontaktu identifikatu dira (irakasleak eta ikasleak), eta datozen egunetan aztertuko dira. Prozedura honen helburua da balizko kasu berriak baztertzea eta pertsona guztien osasunaren babes egokia bermatzea.

2. Jarduera prebentiboa eta zaintza

Kontaktuen azterketa Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikoko Zuzendaritzaren Euskadin Tuberkulosia Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Programaren ohiko jardueren parte da. Esperientziak erakusten du azterketa horietako gehienetan emaitzak negatiboak direla eta emaitza positiboa duten kontaktuen artean, gaixotasuna garatzeko arriskua oso txikia dela, profilaxi eta tratamendu oso eraginkorrak daudelarik.

Halaber, datozen asteetan zaintza aktibo eta zorrotza mantenduko da, gure Erkidegoan indarrean dagoen Tuberkulosi Programaren jarraibideen arabera.

3. Tuberkulosia

Arnas aparatuko tuberkulosia Mycobacterium tuberculosis bakterioak eragindako infekzio-gaixotasuna da. Transmisioa gertatzeko, beharrezkoa da gaixotasun aktiboa duten pertsonen (forma pulmonarra dutenen) kontaktu estua eta iraunkorra.

Gaixotasuna diagnostikatzen denean, tratamendua oso eraginkorra da eta gaixotasuna guztiz sendatzea ahalbidetzen du, behar bezala jarraituz gero.

4. Mezua unibertsitate komunitateari eta herritarrei

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak azpimarratu dute hau neurri prebentibo hutsa dela.

Beharrezko neurriak martxan daude unibertsitate komunitatearen eta, oro har, herritarren segurtasuna eta ongizatea bermatzeko.

5. Informazioa eta jarraipena

Unibertsitate komunitateari eta herritarrei garaiz emango zaie edozein berrikuntza esanguratsu. Halaber, Osakidetzako Osasun Aholku Zerbitzua ohiko telefonoetan egongo da eskura, gaixotasun honekin edo beste edozein osasun-arazorekin lotutako zalantzak argitzeko.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)