Murriztu egin da Euskadin detektatutako elgorri-kasuen kopurua, aurreko astean 8 kasu detektatzetik 3 detektatzera igaro baita. Hala, 38 dira baieztatutako kasuak, horietatik 18 osasun-langileak dira. Guztietatik 36 iazko azaroan Bizkaian atzemandako agerralditik eratorri dira, inportatutako kasu batetik abiatuta. Gainerakoak Gipuzkoan jakinarazitako bi kasuri dagokie: lehena, 2024ko abenduan, inportatua izateagatik eta bigarren mailako kasurik ez sortzeagatik sartu ez zena; eta bigarrena, otsailean bertan jakinarazi da.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ezagutzera emandako datuak dira, eta honako irudi honetan daude zehaztuta:

Kasu guztiek bilakaera ona izan dute, txertaketa-tasa altuak dituzten herrialde eta eskualdeetan —adibidez Euskadin— ohikoa den eredu epidemiologikoari jarraiki; izan ere, bertan txerto-estaldura % 96,79koa izan da (2023an) lehen dosirako, eta % 92,44koa bigarren dosirako.
Kurba epidemikoak behera egin arren, hasiera-hasieratik Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak eta Osakidetzak ezarritako zaintza- eta jarraipen-protokoloak indarrean egoten jarraitzen du. Horri esker, garaiz identifikatu ahal izan dira —funtsezko faktorea— kasuak, eta kontaktuen inguruan egin beharreko azterketa egin ahal izan da, hala badagokio, esposizio-osteko profilaxia ematea balioetsiz.
Halaber, kutsadura ahalik eta txikiena izan dadin, Osasun Publikoak aldi baterako gomendatzen jarraitzen du, alde batetik, prebentzio-neurriak zorroztea —adibidez maskara erabiltzea, bai langileen artean, bai pazienteen eta laguntzaileen artean, osasun-ingurunearen barruan, bereziki larrialdien eremuetan—, eta, bestetik, alerta mantentzea kontsultetan, susmo kliniko txikienaren aurrean diagnostiko goiztiarra egin ahal izateko. Elgorria airez, tanta bidez eta kutsatutako jariakinekin kontaktuan egonda transmititzen da; hala, maskarak birusaren sakabanatzea murrizten du eta beste paziente eta laguntzaileak babesten ditu.
Aldi berean, Sailak azpimarratu du txertaketa prebentzio-tresna eraginkorrena dela gaixotasuna zabaltzea saihesteko, eta gogorarazi du garrantzitsua dela txertaketa egunean mantentzea, bai haurren kasuan, bai helduen kasuan. Eta bereziki garrantzitsua da dosirik jaso ez duten edo dosi bakarra jaso duten pertsonen txertaketa-egoera aztertzea eta eguneratzea; egoera hori ohikoagoa izan daiteke 70eko eta 80ko hamarkadetan jaiotako pertsonen artean, baita Euskadikoa ez den txertaketa-egutegiak dituzten herrialde edo eskualdeetatik datozenen artean edo gure ingurukoak baino txertaketa-estaldura txikiagoak dituzten herrialdeetako biztanleen artean ere.
Elgorria, oro har, gaixotasun arina da. Sukarra eta exantema moduko sintomak izanez gero, eztula, errinitisa/koriza edo konjuntibitisa moduko hiru sintoma hauetako batekin edo gehiagorekin batera, telefonoz kontsultatu behar da erreferentziazko osasun-langileekin, eta komeni da maskara erabiltzea. Elgorriaren birusa pertsonen artean kutsatzen da, airez, eta haren transmisio-aldia exantema (larruazalean orban gorrixka) agertu baino 4 egun lehenagotik 4 egun gerora artekoa da.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)