Imanol Pradales Lehendakariak berdintasunarekin eta haur transexualen eskubideekin duen konpromisoa berretsi du NAIZEN I. Biltzarrean

Argitalpen-data: 

  • Imanol Pradales Lehendakariak azpimarratu du gizarteak huts egiten duela ez baditu haur transexualen askatasuna eta garapen osoa bermatzen, eta NAIZEN elkarteak haien eskubideen alde egiten duen lana goraipatu du
  • “Haur eta nerabe orok du askatasunean hazteko eskubide osoa, komunitatearen maitasun eta babesarekin. Ez dugu atzerapausorik emango. Gure konpromiso osoa duzue”, adierazi du
  • Biltzarrean zehar, Lehendakariak iragarri du Trans Pertsonen Lehen Mailako Arretako Zerbitzu berriak jarriko direla abian, genero-aniztasunean espezializatutako psikologiako profesionalek osatuta

 

Imanol Pradales Lehendakariak haur eta gazte transexualitateari buruzko NAIZEN I. Biltzarrean parte hartu du. Biltzarraren helburua da adin txikiko transexualak eta haien familiak babesten eta laguntzen aurrera egitea. Hitzaldian zehar, ikuspegi erredukzionistak gainditu eta pertsona bakoitzak den hori izateko eskubide osoa bermatu behar dela defendatu du Pradalesek.

“Mutila zara zakila duzulako. Neska zara bulba duzulako. Hori esaten zidan gizartean jaio nintzen. Baina, ikusi dugunez, mundua ikusteko modu erredukzionista hori erabat okerra zen”, adierazi du Lehendakariak, eta azpimarratu du jasotako heziketa hori ez zela hautatua, eta orain gure esku dagoela eskema horiek berreraikitzea, ikuspegi bidezkoago batetik.

Lehendakariak argi dio: “Gizarteak huts egingo du ez bagara gai pertsona bakoitzak den hori beldurrik eta oztoporik gabe izateko duen eskubidea bermatzeko. Gizarteak huts egingo du haur edo nerabe orok ez badu bere komunitatearen babes eta maitasunarekin askatasunean garatzea lortzen”.

NAIZEN elkarteak duela hamar urtetik haur eta nerabe transexualen eta haien familien eskubideen alde egiten duen lana goraipatu du Pradalesek, eta nabarmendu du Biltzar hau funtsezko espazioa dela, entzuteko eta ikasteko.

Era berean, trans pertsonei arreta integrala emateko eta trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko Lege berria eraginkortasunez aplikatzeko Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa berretsi du.

Trans Pertsonen Lehen Mailako Arretako Zerbitzu berriak

Osakidetzaren lana ere nabarmendu du, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean Genero Identitate Unitatea baitu; 1.300 pertsona baino gehiago artatzen ditu 2011n sortu zenetik. Ildo horretatik, iragarri du aurten Trans Pertsonentzako Lehen Mailako Arretako Zerbitzu berriak jarriko direla martxan. Zerbitzu horiek ospitalez kanpoko unitateak izango dira, lurralde-mailakoak, eta genero-aniztasunean espezializatutako psikologiako profesionalek osatuko dituzte.

“NAIZENek egunero erantzun hobea ematen laguntzen digu”, adierazi du, eta jakinarazi du bi erakundeak pertsona transexualak artatzeko osasun-gida berri bat osatzeko elkarlanean ari direla.

Azkenik, Lehendakariak azpimarratu du oraindik asko dagoela egiteko: gizartearen sentsibilizazioa, profesionalen formazioa eta osasun-protokoloak hobetzea. “Haur eta nerabe orok du askatasunean hazteko eskubide osoa, komunitatearen maitasun eta babesarekin. Ez dugu atzerapausorik emango. Gure konpromiso osoa duzue”.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)