Igor Enparan Araneta alkatea eta Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua Guadalupeko gotorlekuan izan dira ostiral honetan, leku historiko horretan egindako mantentze- eta birgaitze-lanen emaitzak bertatik bertara ezagutzeko.
Proiektuak 300.000 euroko dirulaguntza jaso du Next Generation funtsetatik —Eusko Jaurlaritzaren bidez kudeatu dira—, eta Donejakue Bideari lotutako Kultura Intereseko Ondasunak (BIC) berreskuratzeko laguntzen barruan kokatuta dago, Xacobeo Turismo Plan Nazionalean aurreikusitakoaren arabera. Programa horrek erabilera turistikoa duen ondare historikoaren kontserbazioa, eta erromes eta bisitarientzat balioa ematea bultzatzen du, milaka urte dituen ibilbide hau egiten dutenen kultur erakargarritasuna eta esperientzia indartuz.
Jatorrizko arkitektura berreskuratzea eta segurtasuna bermatzea
Guadalupeko gotorlekuko esku-hartzeen helburu nagusia jatorrizko arkitekturaren osotasuna berreskuratzea eta segurtasuna indartzea izan da. Egindako lanen artean, hauek nabarmentzen dira: hormak eta karelak kaltetzen zituen landaredi inbaditzailea kentzea, ezpondak eta malkarrak egonkortzea, eta lubanarroak eta lubanarro txikiak garbitzea, drainatze-ahalmena berreskuratuz eta barrualdeko espazioak arriskuan jar zitzaketen hezetasunak saihestuz.
Gotorlekuaren barruan, galerietan, atetxoetan eta infanteriako kuarteletan, azken hamarkadetan gehitutako hormak kendu dira; horrela, bobeden jatorrizko konfigurazioa berreskuratu da eta argiztapen naturala hobetu da; eta horri esker esparruaren arkitektura militarra hobeto ulertzea eta espazioak etorkizuneko kultur jarduera, erakusketa eta interpretazio-ibilbideetarako prestatzea ahalbidetu du.
Jarduketa horiek aldaketa ekarriko dute herritarrek eta bisitariek Guadalupeko gotorlekuaz gozatzeko duten moduan. Segurtasuna hobetu eta ondarea kontserbatzeaz gain, bisita gidatuetarako, eta kultura- eta hezkuntza-jardueretarako aukera berriak irekitzen dira. Horrela, gotorlekua Done Jakue Bidearen barruko baliabide turistiko estrategiko gisa eta penintsulako iparraldeko eta, bereziki, Hondarribiko defentsa-historiaren erreferente gisa sendotzen da.
Gune historiko honekiko interesa etengabe hazi da azken hilabeteetan. 2025ean zehar, Guadalupeko gotorlekuak 1.203 bisitari izan ditu asteburuetan, horiek baitira bisita gidatuak egiten diren egun bakarrak. Gehienak talde antolatutan joan dira (815 pertsona), eta horien atzetik daude banakakoek egindako bisitak (203) eta Hondarribiko herritarrek (54) egindakoak. Gainera, 131 protokolo-bisita zenbatu dira erakunde-jarduerekin lotuta. Ekainean (306 bisitari), apirilean (216) eta martxoan (137) izan ziren bisita gehien, tokiko herritarrek eta bisitariek gune horretarako duten gero eta interes handiagoa islatuz.
Javier Hurtado sailburuak hauxe azpimarratu du: “Europako funtsen garrantzia, 4.000 milioi euro baino gehiago bideratu baitituzte Euskal Autonomia Erkidegora, eta horietatik 1.000 baino gehiago Gipuzkoara. Zehazki, turismo-sektorean 94 milioi euro bideratu ditugu eskualde eta udalerrietako hainbat proiektutarako eta interes kulturaleko 14 ondasun birgaitzeko —5,5 milioi euro guztira—. Hori da Guadalupeko gotorlekuaren kasua, jasangarritasunean, digitalizazioan eta energia-efizientzian oinarritutako birgaitzeari eta zaharberritzeari ekin baitio. Europako funts horiei eta administrazioen artean beharrezkoa den lankidetza instituzionalari esker, gure baliabide turistikoak hobetu eta modernizatu daitezke.
Enparan alkateak, bere aldetik, gogorarazi du Udalak urteak daramatzala gotorlekuaren kontserbazioa bultzatzen, eta nabarmendu du plan hau "jauzi kualitatiboa" dela instalazioa berreskuratzeko, "ez bakarrik obren handitasunagatik, baita publikoari gune berriak irekitzeko aukera emango diolako ere, segurtasuna eta fideltasun historikoa bermatuta". "Hondarribiar askok ezagutzen ez duten altxorra dugu hemen. Funtsezkoa da hori nabarmentzea, eta gure herriaren nortasuna nondik datorren eta horrelako gotorleku baten funtzioa zein zen ulertzea", nabarmendu du Enparanek.
Bi agintariak bat etorri dira esatean, ahalegin bateratu honi esker, Guadalupeko gotorlekuak aurrera egingo duela penintsulako iparraldeko defentsa-gune interesgarrienetako bat izateko, memoria historikoaren gune bat baita, eta Hondarribiko kultura-turismorako funtsezko gune erakargarria.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)