Hezkuntza Sailak otsailaren 3an irekiku du 2025-2026 ikasturteko aurrematrikularako eskabideak aurkezteko epea

Argitalpen-data: 

2024-2025 ikasturte honetan EAEko familien ia % 95ek lehen aukeran matrikulatu ahal izan dituzte beren seme-alabak. Hala ere, aurrematrikuletan familien eragin-eremuko ahalik eta ikastetxe gehien eskatzea gomendatzen da, hautatu gabeko ikastetxe bat esleitzea saihesteko.

2025-2026 ikasturterako aurrematrikula-prozesua otsailaren 3an irekiko da Euskal Autonomia Erkidegoan. Eskabideak aurkezteko epea otsailaren 14an amaituko da. Datorren ikasturterako onarpen-prozesuak jarraipena emango die egindako berrikuntzei eta neurriei, ikasleen eskolatze orekatuagoa sustatzeko helburuarekin. Euskal eskola publikoan matrikulatzeko baldintzek gogobetetze-maila altuak lortu dituzte euskal familien artean. 2024-2025 ikasturte honetan, familien % 94,7k ikusi dute beren seme-alabak matrikulatzeko lehentasunezko aukera bete dela.

Hezkuntzako sailburu Begoña Pedrosak azaldu duenez, eskola-segregazioari aurre egiteko neurriak aplikatzen jarraituko da, eta ikasturte honetan iazko neurri berak ezarriko dira. 2, 3 eta 4 urteko geletan plazen erreserba ere aplikatuko da.

2025-2026 kanpaina

Hezkuntza Sailak informazio-kanpaina bat diseinatu du datorren urtarrilaren 20an aktibatuko den aurrematrikula-aldiaren irekierari buruz. Kanpainak euskal eskola publikoa erakusten duirudimena eta sormena pizten dituen eta guztion inklusioa eta arrakasta akademikoa sustatzen duen gune" gisa.

Datorren otsailaren 3tik aurrera, familiek eskaera egin ahal izango dute, nahi beste ikastetxe eta hizkuntza-eredu eskatuta. Norberaren eragin-eremuko ahalik eta ikastetxe gehien eskatzea gomendatzen da, batez ere etxetik hurbilen daudenak, hautatu gabeko ikastetxe bat esleitzea saihesteko. Eskaerak beren lehentasunen arabera antolatu beharko dituzte, esleipenean, adierazitako ordena kontuan hartuta, ahalik eta ondoen kokatuta dagoena esleituko baitzaie.

Ikasleak bi urteko edo goragoko mailan matrikulatuta badaude eta ikastetxe eta hizkuntza-eredu berean jarraitu nahi badute, plaza bermatuta izango dute. Haurrak urtebeteko gelan matrikulatu dituzten familiek bai aurkeztu beharko dute eskaera ikastetxe berean bi urteko mailan jarraitzeko, ikasleak hezkuntza-sisteman bi urteko edo goragoko mailan sartzen baitira.

Bi modu daude eskabideak aurkezteko: Internet bidez (ikasgunean online) edo lehenengo postuan aukeratutako ikastetxean bertan. Informazio gehiago nahi izanez gero: https://www.euskadi.eus/onarpena-haur-lehen-eta-derrigorrezko-bigarren-hezkuntza/web01-a2hikast/eu/

Aurreko ikasturteko berrikuntzak mantendu egin dira

Familiei gogoraraztekoak dira honako kontuak:

  1. Aukeratutako ikastetxean gutxienez beste seme-alaba bat matrikulatuta duten familia eskatzaileek plaza ziurtatuta izango dute hasierako mailan (2 urteko gela edo, bestela, 3 urtekoa).
  2. Ikastetxe bakarra duten udalerri edo eragin-eremuetan bizi diren eskatzaileek bertan lortuko dute plaza, hala eskatzen badute.
  3. Eskaera egin duten familiek, hasierako mailan, erditze anizkoitzetatik jaiotako seme-alabak badituzte, 6,5 puntu jasoko dituzte bakoitzarengatik.

Kontuan hartu beharreko egutegia

  • Otsailaren 3tik 14ra: eskaerak eta egiaztagiriak Online edo ikastetxean bertan (bulego orduetan) entregatzea.
  • Martxoaren 5a: eskatzaileen zerrendak argitaratuko dira.
  • Martxoaren 18a: plaza esleitzeko behin-behineko zerrendak argitaratuko dira. Erreklamazioak aurkezteko epea zabalduko da, apirilaren 10era arte.
  • Apirilaren 15a: behin betiko zerrendak argitaratuko dira. Errekurtsoak aurkezteko epea, maiatzaren 30era arte.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)