Herritarren egungo egoeraren balorazioari, jarrerei eta balio politikoei buruzko Euskal Soziometroa

Argitalpen-data: 


      85_Euskal_Soziometroa.jpg

85. Euskal Soziometroa 2025eko lehenengoa da. Bertan biltzen dira herritarrek egoerari buruz dituzten pertzepzioak eta euren jarrera eta balio politikoak. Landa-lana 2025eko urtarrilaren 28tik 31ra bitartean egin zen.

Balorazio positiboa norberaren egoeraz eta Euskadikoaz

EAEko biztanleek 10etik 7,0 punturekin baloratzen dute beren egungo egoera pertsonala; duela urtebete lortutako puntuazioa da hori, eta 1995ean hasitako neurketan lortutako puntuaziorik handiena. Gainera, euskal biztanleria baikorra da etorkizun hurbilari dagokionez, 7,3 puntu ematen baitizkio urtebete barru izango duen egoera pertsonalari; puntuazio hori behin bakarrik gainditu da, 2003an.

Euskadiren egoerari dagokionez, 6,0 punturekin baloratu da gaur egungoa eta urtebete barru izango dela aurreikusten dena, eta azken urteetan ez da aldaketa nabarmenik egon.

Espainiako egoerari buruzko iritzia askoz ere negatiboagoa da, EAEko biztanleek 4,7 puntu eman baitizkiote egungo egoerari eta urtebete barrurako espero dutenari.

Euskadiko arazo nagusiei dagokienez, gizartearen lehen kezka lan-merkatuarekin lotutako arazoak dira berriz ere, eta iaz baino pixka bat gehiago aipatu dira; biztanleriaren % 49k hiru arazo nagusietako bat bezala aipatzen du. Bigarrenik, etxebizitzarekin lotutako arazoak daude, herritarren % 47k aipatu baititu, eta horiek 15 puntu igo dira 2024ko batez bestekoarekin alderatuta; 2008tik ez da horrenbeste aipatu etxebizitza Euskadiko arazo nagusien artean. Hirugarrenik, osasunarekin lotutako arazoak daude ( % 35), eta horiek maximoetan jarraitzen dute.

Arazo ekonomikoak ( % 18), delinkuentzia eta segurtasunik eza ( % 16) eta immigrazioa eta horrekin lotutako arazoak ( % 11) ez dira ia aldatu 2024ko batez bestekoarekin alderatuta, eta egoera politikoa, politikariak eta gatazka politikoak ( % 10) zertxobait egin du behera.

Euskal gizartean zatiketa handia dago demokraziaren funtzionamenduarekiko gogobetetzeari dagokionez: biztanleriaren % 51 oso edo nahiko pozik dago Euskadin duen funtzionamenduarekin, eta % 47k dio ez dagoela oso pozik edo ez dagoela batere pozik. Espainiako demokraziaren funtzionamenduarekiko gogobetetzea askoz ere txikiagoa da; biztanleriaren % 23k baino ez dago oso edo nahiko pozik.

Euskal herritarrei konfiantza gehien sortarazten dien erakundea unibertsitatea da ( % 86k dio gehienbat konfiantza duela), ondoren datoz Eusko Jaurlaritza ( % 77), Foru Aldundiak ( % 73), Eusko Legebiltzarra ( % 71) eta Udalak ( % 69). Gehiengoak konfiantza du halaber enpresetan ( % 60), GKEetan ( % 54) eta Europar Batasunean ( % 50). Konfiantza txikiagoa dute sindikatuetan ( % 48) eta justizia epaitegietan ( % 46). 10etik 4k baino gutxiagok dute konfiantza hedabideetan ( % 33), Espainiako Gobernuan ( % 32), bankuetan ( % 28), Eliza katolikoan ( % 27), Espainiako erregetzan ( % 25), Diputatuen Kongresuan ( % 23) eta, azkenik, alderdi politikoetan ( % 19).

Aldaketa gutxi jarrera politikoetan

Biztanle gehienek ( % 60) berriz ere politikarekiko interes txikia dute edo ez dute batere interesik, nahiz eta interesa pixkanaka handitzen ari den 2010etik; une hartan, biztanleen % 20k oso edo nahiko interesatua zeudela zioten, eta ehuneko hori handituz joan da egungo % 39raino.

Biztanleriaren % 62k dio alderdi politikoekiko hurbiltasun gutxi edo batere ez duela sentitzen, % 18 oso edo nahiko hurbil sentitzen da, eta % 19 zertxobait. Ehuneko horiek oso gutxi aldatu dira neurtu diren aldi osoan, 1996tik.

Sinpatia politikoei dagokienez, EAJ da herritarrei sinpatia handiena sortzen dien alderdia, 0tik 10erako eskalan 4,8 punturekin. Ondoren, PSE-EE (4,2), EHBildu (4,0), SUMA (3,3), PP (1,9) eta, azkenik, Vox (0,9).

Buruzagi politikoei dagokienez, Imanol Pradales lehendakaria da ezagunena ( % 75), ondoren Pello Otxandiano ( % 48), Eneko Andueza ( % 46) eta Javier de Andrés ( % 38). Gutxien ezagutzen direnak Amaia Martínez ( % 25) eta Jon Hernández ( % 15) dira.

Balorazioei dagokienez, Imanol Pradales lehendakaria da baloratuena (5,4), eta, ondoren Pello Otxandiano (5,2); bi horiek dira herritarren oniritzia lortu duten bakarrak. Ondoren datoz Eneko Andueza (4,5), Jon Hernández (4,1), Amaia Martínez (3,1) eta, azkenik, Javier de Andrés (2,8).

Herritarren % 44k "soilik euskal herritar" edo "euskal herritar espainiar baino gehiago" sentitzen dira, eta % 40k "euskal herritar bezain espainiar". Aldiz, herritarren % 9 baino ez dira "espainiar euskal herritar baino gehiago" edo "soilik espainiar" sentitzen.

Bestalde, Euskadiko biztanleriaren % 21 independentziaren alde dago, % 33 alde edo kontra, egoeraren arabera, eta % 41 aurka.

Ikerketa honen fitxa teknikoa zabaldu den txostenean kontsulta daiteke. Lagina 18 urtez gorako herritarrei zuzendua, EAE osorako 3.030 lagunek osatua da. Elkarrizketak telefonoz egin dira. Lagin honi dagokion lagin errorearen estimazioa ±% 1,8koa da EAE osorako, % 95,5eko konfiantza mailarako, p=q=0,5 izanik. Informazio bilketa 2025eko urtarrilaren 28tik 31ra egin zen.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)