HAZIk, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailarekin batera, “Zure kontsumoak oihartzuna izan dezala” manifestua aurkeztu du. Ekimen honen helburua da Euskadin kontsumo kontzienteagoa eta arduratsuagoa sustatzea, lurraldeko ekintzailetzaren balioekin bat eginez.
Manifestuak kontsumo-erabakiek gizartean, ekonomian eta ingurumenenan duten eragina balioan jartzea du xede, eta tokiko ekonomia indartzen duten, lurraldea zaintzen duten eta hurbiletik ekoizten duten pertsonen lana aitortzen duten produktu eta zerbitzuak hautatzearen garrantzia azpimarratzen du.
Dokumentuak hamar printzipio nagusi jasotzen ditu, herritarrak erosketa bakoitzaren atzean dagoenari buruz hausnartzera gonbidatzen dituztenak: pertsonak, balioak, jakintzak eta tokiko ekoizpen-sarea sostengatzen duten istorioak. Besteak beste, kontsumo-erabaki bakoitzaren eragin osoa kontuan hartzearen beharra, lurra zaintzen dutenak babestea, gizarte-ekitatea sustatzea, kontsumo inpultsiboa murriztea eta ingurumen-, gizarte- eta komunitate-irizpideak lehenestea nabarmentzen dira.
Herritarrei zuzendutako deia
“Zure kontsumoak oihartzuna izan dezala” manifestua herritarrei egindako dei irekia da, lurraldearekiko eguneroko konpromisoa aktibatzeko, kontsumoa gizarte-eraldaketarako tresna gisa ulertuta.
Manifestuak mezua partekatzera eta kontsumo kontzienteago, gizatiarrago eta lurraldearekin konektatuago bat sustatzera animatzen du, horrela Euskadiko garapen ekonomiko eta sozialaren motor gisa tokiko ekintzailetzaren rola indartuz.
Lan kolaboratiboa KABIA proietuaren baitan
Manifestua modu kolaboratiboan sortu dute lurraldeko ekintzailetzaren ekosistemako pertsona ekintzaileek eta erakundeek, KABIA proiektuko Ostegun Ekintzaileak ekimenaren baitan. Espazio hori trukerako, hausnarketarako eta Euskadin eragina duen ekintzailetzaren inguruan ezagutza partekatua sortzeko bultzatu da.
Prozesu parte-hartzaile honek ikuspegi anitzak jasotzea ahalbidetu du, eta kontsumo kontzientea, lurralde-garapena, tokiko ekonomia eta gizarte-kohesioa lotzen dituen mezu komun bat eraikitzea, eguneroko hautu bakoitzak eredu jasangarriago eta gizatiarrago bati ekarpena egin diezaiokeela azpimarratuz.
KABIA espazio fisiko eta digitala da, elikadura- eta basogintza-balio kateko zein landa-eremuko eta kostaldeko pertsona ekintzaileen artean komunitatea sortzeko. HAZI Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako ekimen honek proiektuak eta pertsonak lagundu, sortu, hazi eta sendotzea du misio, lankidetzaren bidez.
Ikuspegia da topagune bero bat sortzea, non pertsona ekintzaileen eta laguntza-ekosistemako erakundeen arteko harremana erraztuko den, proiektuen eraldaketa eta pertsonen ahalduntzea modu naturalean sustatzeko.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)