Azaroaren 12an banatu zen Euskadi Lagunkoia Berria 2025 Saria, Lagunkoitasunaren Europako Jardunbide Egokien IX. Jardunaldian. Jardunaldia Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak eta Euskadi Lagunkoia Berria ekimenak antolatu zuten, eta etxebizitzen eta egoitzen eredu berriak jarri zituen aurten ardatz, belaunaldien arteko elkartasunaren ikuspegitik.
Edizio honetan lau hautagaitza aurkeztu ziren. Dekretuan jasotako irizpideak kontuan hartuta —berrikuntza-izaera, kalitate teknikoa, ebaluazio-sistema eta genero-ikuspegia—, epaimahaiak Gurutze Gorria saritzea erabaki zuen. Ebazpenean nabarmendu zen Sareko Ahotsak proiektuak ekintza berritzaile eta sortzaileak garatzen zituela, lagunkoitasunean aurrerapausoak eginez, eta diagnosi sendoa zein ebidentzian oinarritutako metodologia erabiltzen zituela.
Saria Estíbaliz Arnaizek, Gurutze Gorriaren Euskadiko presidenteak, jaso zuen, eta honako hau azpimarratu zuen: “Sareko Ahotsak ahots anitzen sarea da, parte-hartze aktiboa, elkarren arteko laguntza eta belaunaldien arteko elkartasuna —ingurune digitalean ere— sustatzen dituena.”
Bizikidetza Programaren Accésita: Kuvu eta Bizihabi ekimena
Bizikidetza Programaren Accésita Kuvuri eman zitzaion, Bizihabi ekimenagatik. Proiektuak belaunaldien arteko etxebizitza partekatua bultzatzen du, bakardade ez-hautatuari aurre egiteko, bizikidetza sendotzeko eta baliabideak modu eraginkorragoan erabiltzeko.
Saria Jon Ander Fernándezek, ekimenaren sortzaileak, eta Marina Tempranok, programako erabiltzaileak, jaso zuten. Marinak bere esperientzia partekatu zuen: “Alargundu nintzenean programa honetan izena eman nuen, etxea partekatu eta bakarrik ez egoteko. Bi urte daramazkit Irungo ikasle batekin gela bat partekatzen, eta oso ondo moldatzen gara.”