Gripeak behera egin duen arren bigarren astez jarraian Euskadin, Osasun Sailak eta Osakidetzak Gabonetako jaietan kontuz ibiltzeko deia egin dute

Argitalpen-data: 

Osakidetza_vacunacion_gripe.jpg
  • Euskadin, gripearen intzidentzia 617,18 kasukoa da 100.000 biztanleko, beraz, iaz erregistratutako goreneko mailaren azpitik jarraitzen du Biztanleria orokorraren txertaketa urrira aurreratzeko Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak hartutako erabakiari esker, ingresuak eta kutsatzeak murriztu egin dira
  • Gabonetan hartu-eman sozialak areagotuko direla eta gorakada bat egon daitekeela aurreikusita, Osasun Sailak gogorarazi du txertoa jartzea dela neurririk eraginkorrena, eta jende asko dabilen espazioetan maskara erabiltzea gomendatzen du, kutsatzeak murrizteko eta pertsona kalteberenak babesteko

Gripe-kasuek behera egiten jarraitzen du Euskadin bigarren astez jarraian. 617,18 kasu daude 100.000 biztanleko, aurreko asterako Osakidetzak eman dituen datu eguneratuen arabera, abenduaren 15etik 21era bitartekoak (51. astea). Beherakada izan den arren, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak adierazi du beharrezkoa dela alertan jarraitzea, Gabonetako jaiek dakarten gizarte-jardueraren gorakadaren aurrean; izan ere, familia eta lagun arteko ospakizun gehiago egiten dira eta maizago batzen gara leku itxietan, eta horrek kasuak ugaritzea eragin dezake.

Urteko 51. astean, beraz, gripe-kasu gutxiago diagnostikatu dira, 1.876 guztira; hau da, aurreko astean baino % 10,5 gutxiago. Ospitaleko ingresuen kopuruak ere behera egin du: 252 paziente ospitalizatu dira, aurreko astean baino % 12,7 gutxiago. Osakidetzaren ustean, gripe-intzidentziaren goreneko maila 49. eta 50. asteen artean izan da. Hala ere erakundetik zaintza aktiboa egiten jarraitzen dute, datozen egunetan beste gorakada bat gerta daitekeelako.

Lurralde historikoen arabera, Arabak du gaur egun intzidentziarik handiena, 704 kasu 100.000 biztanleko; ondoren Bizkaiak (642,86), eta azkenik Gipuzkoak (541,03). Kanpaina hasi zenetik, guztira 13.914 gripe-kasu zenbatu ditu EAEko osasun-sistemak, eta 1.656 izan dira ospitaleko ingresuak; horietatik 51 ZIUn. Ospitaleetako batez besteko okupazioa % 83,6koa da Osakidetzaren sarean, eta presio asistentzial nabarmena dago, ohikoa baita urteko sasoi honetan.

Osasun Sailak eta Osakidetzak berriro azpimarratu dute funtsezkoa dela prebentzio-neurriak indartzea Gabonetako jaietan, egun horietan kontaktu sozialak ugaritu egiten direlako ezinbestean; hau da, maskara erabiltzea leku jendetsuetan, espazio itxiak aireztatzea, eskuak maiz garbitzea eta, batez ere, txertoa hartzea. “Txertaketa eta maskara zentzuz erabiltzea dira kutsatzeak murrizteko eta pertsona kalteberenak babesteko neurri eraginkorrenak”, Alberto Martínez Osasuneko sailburuak gogorarazi duenez.

Txertaketa Euskadin: aurreratutako prebentzio-kanpaina baten ikuspegia

Osasun Sailak eta Osakidetzak pasa den urrian ekin zioten biztanleria orokorra txertatzeari aurretiko zitarik gabe, lau asteko aurrerapenarekin aurreko urteekin alderatuta, hain zuzen ere, gripearen birusa azkarrago zirkulatzen hasi zela antzeman baitzuten, batez ere Bizkaian. Egoera horren aurrean hartutako beste neurrietako bat izan zen Bilboko Casillako Errefortzuko txertaketa-gunea irekitzea. Horri esker, biztanleriaren zati handi bat immunizatu ahal izan da. Zalantzarik gabe, prebentziozko erabaki hori egokia izan da, pertsona gehiagori txertoa lehenago jartzea ahalbidetu duelako, eta, ondorioz, ingresuak eta kutsatzeak murriztea lortu duelako, batez ere Bizkaian, biztanle gehien duen lurraldean.

Orain arte, gripearen aurkako 585.774 dosi eta COVID-19aren aurkako 299.840 dosi eman dira Euskadin; hau da, 2024ko kanpainako sasoi berarekin alderatuta, % 11,3 gehiago. Lurraldeka, Bizkaian lortu da estaldurarik handiena, % 28,1ekoa, eta ondoren, Araban eta Gipuzkoan, % 24,8koa bietan.

Zentro soziosanitarioetan bizi diren pertsonei dagokienez, gripearen estaldura % 84,2koa da, eta % 72,4koa COVID-19aren aurrean. 5 urtetik beherako haurren artean, 28.009ri jarri diote txertoa, hau da, % 42,5i, aurreko kanpainan baino gehiagori. Eta haurdun dauden emakumeen kasuan, kanpainan % 55,5eko estaldura lortu da, aurreko kanpainaren amaieran lortutako maila baino hiru puntu handiagoa.

Nolanahi ere, kanpainak aktibo jarraitzen du, eta Osasun Sailak txertoa jartzearen garrantzia nabarmendu nahi du, bereziki oraindik egin ez duten arrisku-taldeetan eta haurretan.

Alertari eta arreta-neurriei eustea

Datuek aldeko joera berresten badute ere, Osakidetzak behin eta berriz azpimarratzen du oraindik ere erne egon beharra dagoela. “Datozen asteak erabakigarriak izango dira”, ohartarazi du Osasun Sailak, gogoan izanik bilera sozial eta familia eta lagun arteko topaketa gehiago egiten direla eta horrek areagotu egiten dituela kutsatzeko aukerak. Hori dela-eta, bertatik erantzukizun indibidual eta kolektiborako deia egiten digute, Gabonetako jaietan geure osasuna eta pertsona ahulenenena babes dezagun.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)