Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Finantzen Euskal Institutuari (FEI) «Indartuz kapitala SA» sozietate anonimo publikoa sortzeko baimena ematen dion dekretua. Funts estrategiko hori «Euskadi Eraldatuz 2030» Inbertsio Eraldatzaileen Planean jasota dago. Gaur onartutako ekarpena 65 milioi eurokoa da.
Noël d’ Anjou, Ogasun eta Finantzetako sailburuak adierazi duen bezala, Indartuz funtsa Eusko Jaurlaritzaren finantza-politikan jarduteko modu berri bat da, kudeaketa pribatuko ibilgailuen bidezko zeharkako inbertsiorako funtsen funtsa, proiektuetan edo enpresetan zuzeneko inbertsioak egiteko aukera mugatu gabe.
Hobekuntza-obrak ikastetxeetan
Era berean, Eusko Jaurlaritzak argi berdea eman dio Udaleraiki hitzarmena berritzeari. Eusko Jaurlaritzak Udaleraiki hitzarmena berritzea onartu du gaur Gobernu Kontseiluan. Hitzarmen horren bidez, ikastetxeak dauden udal jabetzako eraikinetan hobekuntza-obrak egiteko laguntzak arautzen dira.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 10 milioi euro inbertituko ditu ikastetxeak berritu eta eraldatzeko jarduketen kostuaren % 60 arte finantzatzeko.
Maria Ubarretxena bozeramaile eta sailburuak azaldu duenez, Udaleraikiri esker, aurten 80 jarduera baino gehiago finantzatuko dira Euskadiko ikastetxeetan, eta horrek erakusten du Eusko Jaurlaritzak konpromiso argia duela erakundeen arteko lankidetzari eusteko eta udalei laguntzen jarraitzeko, kasu honetan hezkuntza-komunitatearen mesedetan.
Lurzorua lagapena etxebizitzak eraikitzeko
Gaurko Kontseiluan onartutako beste gaietako bat izan da Mundakako Udalak Eusko Jaurlaritzari lurzorua doan lagatzea, alokairuko babes publikoko 24 etxebizitza eraikitzeko.
“24 etxebizitza horiek eraikitzeko proiektua dagoeneko lizitazio publikoaren fasean dago; datozen hilabeteetan Erreka eremuan obrak hasteko lehen urratsa eman da” azpimarratu du Ubarretxena sailburuak.
Etxebizitza Sailak eta Mundakako Udalak 2024ko apirilaren 8an sinatu zuten lankidetza-hitzarmenean dago jasota eragiketa hori. Hitzarmen horren helburua da alokairuko etxebizitzen parke publikoa handitzea eta merkatu librean sartu ezin diren pertsonentzat errazagoa izan dadila etxebizitza duina eta eskuragarria lortzea.
Euskarazko komunikazio-proiektuak garatzea eta indartzea
Gaurko Gobernu Kontseiluan onartu dira, halaber, euskarazko komunikazio-proiektuak garatzeko eta indartzeko dirulaguntzen bi deialdi. Guztira, 804.000 euro izango dira.
Alde batetik, 554.000 euro bideratuko dira dirulaguntza lerro berri baterako. Zehazki, "2025ean euskara hutsezko argitalpenak sendotu, garatu eta normalizatzeko" dirulaguntzen deialdiari. Lerro honen helburua da euskara hutsezko eta paperezko argitalpenak finkatu, garatu eta normalizatzea.
Bestetik, Elkar Argitaletxea SL entitateari 250.000 euroko dirulaguntza eman zaio “BAGOAZ, Euskal Herri Euskaldun garaikidearen helburu” proiektua garatzeko. Proiektuaren helburua da dagoeneko sortuta dauden ekoizpenak katalogatzea, txertatzea eta dauden beharrak asetzeko baliabide berriak sortzea eta zabaltzea.
345.000 euro kultura-proiektuak diruz laguntzeko
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarekin lotutako beste puntu bat da 345.000 euro onartzea kultura-proiektuetarako. Lehenik, 200.000 euroko dirulaguntza emango zaio Santurtziko Udalari, 2025. urtean "Santurtziren lehen aipamen dokumentalaren 950. urteurrena ospatzeko jarduerak antolatzeko". Izan ere, Santurtziko Udala, tokiko hainbat eragile sozial eta kulturalen parte hartzearekin, jarduera programa zabal bat garatzen ari da 2025ean, urteurren hori ospatzeko.
Bigarrenik, 100.000 euroko dirulaguntza emango zaio Apellaniz & De Sosa SL entitateari, 2025ean “Dirdir LAB: laborategi zinematografikoa, ikus-entzunezkoa eta esperimentala” programa garatzeko. Proiektu honen bidez, entitateak zinema garatzeko laborategi bat sortu nahi du, balio artistiko, kultural eta sozial handiko ikus-entzunezko film luzeak hartuko dituena.
Eta hirugarrenik, 45.000 euro emango zaizkio Ur Mara Kultur Elkarteari, “landa-eremuan sorkuntza artistikoko programa garatzeko”. Ur mara museoa arteari, naturari eta kultur hedapenari eskainitako naturagunea da, eta kultur eragile aktiboa da Tolosaldeko landa-eremuan.
Azkenik, kulturaren arloan, Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Eusko Ikaskuntzari 55.000 euroko zuzeneko dirulaguntza ematea, 2025ean Ezberdin Berdinak proiektua finantzatzeko. Ezberdin Berdinak proiektua etorkizuneko euskal identitate kulturalaren inguruko gogoeta sortzaile eta kolektiboa da, sorkuntza artistikoa, ikerketa soziala eta herritarren parte-hartzea uztartzen dituena. Ikuspegi horren bidez, euskal gizarte garaikidea osatzen duten balioak, hizkuntzak, memoriak eta aniztasunak aztertu nahi ditu ekimenak.
250.000 euro UNRWAri (Palestinako errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentzia Ekialde Hurbilean)
Gaurko Gobernu Kontseiluan erabaki-proposamen bat onartu da, Espainiako UNRWA Komiteari (hau da, Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziari) 250.000 euroko dirulaguntza emateko, Gazako Zerrendako krisi humanitarioaren larrialdi-deialdiaren esparruan Palestinako herritarrei osasun-arreta emateko, hain zuzen.
Laneko segurtasuna eta osasuna indartzeko hitzarmena
Gaurko Gobernu Kontseiluan Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen eta Ministerio Fiskalaren arteko hitzarmena onartu da, Euskadin laneko segurtasuna eta osasuna indartzeko.
Lankidetza-hitzarmenak lan-istripuak murrizten laguntzeko eta bi erakundeen arteko koordinazioa hobetzeko komunikazio-bideak eta jarduera-protokoloak ezartzen ditu "azaldu du Ubarretxena sailburuak.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)