- Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua buru duen ekitaldiak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakariekin, EUDELeko lehendakariarekin eta Ijito Herriaren Euskal Kontseiluko ordezkariekin batera, Euskadiko ijito herriaren aitorpen instituzional eta soziala izan nahi du.
- Melgosak balioa eman nahi izan dio, beste behin ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Ijito Herriaren erabateko sustapenerako eta partaidetza sozialerako Kontseiluak 2024ko azaroan onartutako adierazpen instituzionalari, hau da, ijito herriarekiko errekonozimenduari eta bizikidetzari eta ijitoen aurkako jarrerei buruzko deklarazioari.
Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna dela eta, Gernikako Batzar Etxeak ateak ireki ditu gaur eguerdian, Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua buru duen ekitaldi instituzionalerako, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakariekin, EUDELeko lehendakariarekin eta Ijito Herriaren Euskal Kontseiluko ordezkariekin batera.
Ekitaldia eguerdiko hamabietan hasi da, Euskadiko askatasunen ikur den Gernikako Arbolaren azpian, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Otaduik Ijito Herriaren Euskal Kontseiluko agintari eta kideei harrera ofiziala egin ondoren.
Ekitaldia "Gure Golé" abesbatzaren emanaldiarekin hasi da, eta, ostean, ohorezko aurresku bat izan da. Ondoren, Bartolo Jiménezek, Ijito Herriaren Euskal Kontseiluko presidenteordeak, hitza hartu du, jardunaldi honek ijito-herriaren aitorpen instituzional eta sozialerako duen garrantzia nabarmentzeko.
Jarraian, oroitzapenezko adierazpen instituzionala irakurri da: euskaraz, AMUGEren ordezkari Noemi Amayak – emakume ijitoak sustatzeko eta ahalduntzeko elkartea, gaur arratsaldean, INME elkartearekin batera, 2024ko Emakunde saria jasoko duena emakume ijitoak ikusarazteko eta haiei laguntzeko egindako lana aitortzeko –, eta gaztelaniaz, Naiara Borjak, Secretariado Gitano Fundazioaren ordezkari gisa.
Jarraian, Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak esku hartu du, Eusko Jaurlaritzak ijito-herriaren eskubideak sustatzeko, diskriminazioa desagerrarazteko eta bizikidetzan eta aniztasunarekiko errespetuan oinarritutako gizarte inklusiboa eraikitzeko duen konpromisoa berresteko eta, beste behin ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Ijito Herriaren erabateko sustapenerako eta partaidetza sozialerako Kontseiluak 2024ko azaroan onartutako ijito-herriaren errekonozimendu eta bizikidetzarako eta antigitanismoaren aurkako adierazpen instituzionalari balioa emateko.
Ekitaldia amaitzeko, "Gure Golé" abesbatzak bi musika-pieza gehiago interpretatu ditu, eta argazki instituzional bat Gernikako Arbolaren aurrean. Ondoren, Batzar Etxera bisita ofiziala egin da, eta bertaratutako agintariek ohorezko liburuan sinatu dute.
Melgosa sailburuak gogorarazi duenez, "apirilaren 8a, Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna, ospatzea Euskadiko ijito-herriaren historia, kultura eta nortasuna aitortzeko eta balioesteko beste adibide bat da, baita euskal erakundeek herritartasun plural, berdinzale eta kohesionatuarekin duten konpromisoaren erakusgarri ere".
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)