
Apirilak 23, Liburuaren Munduko Eguna
Euskadiko gazteen erdiak baino gehixeagok (% 56) diote liburu bat irakurri dutela azken hilabetean entretenitzeko
2025ean, aurreko hilabetean entretenitzeko libururen bat irakurri dutela dioten Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen ehunekoa % 56,0 izan da, iazko ehunekoaren antzekoa (% 58,1).
Aisialdiko jarduera honi dagokionez, alde nabarmenak daude emakume eta gizon gazteen artean. 2025ean, emakumeen artean, % 66,0k dio azken hilabetean liburu bat irakurri duela bere aisialdian; gizon gazteen artean ehunekoa % 46,6ra jaisten da, hau da, ia 20 puntuko aldea dago emakume eta gizonen artean.
Aisialdian irakurtzeko ohitura hedatuagoa dago emakume gazteen artean gizon gazteen artean baino, datuen bilakaerari erreparatuz gero.

Irakurtzea, aisialdiko ohitura gisa, ohikoagoa da 20 eta 29 urte bitarteko gazteen artean, 20 urtetik beherakoen artean baino. Baina hori ez da beti horrela izan. 2016an 15 eta 19 urteko gazteek zioten gehien bere aisialdian irakurtzen zutela.

Arreta 2025eko datuetan jartzen badugu eta sexua eta adina gurutzatzen baditugu, ikus dezakegu gazteen artean gehien irakurtzen dutenak 20 eta 29 urte bitarteko emakumeak direla eta, aldiz, gutxien irakurtzen dutenak 15 eta 19 urte bitarteko gizonak direla.

Aurkeztutako datuak Gazteen Euskal Behatokiak azken urteetan burututako hainbat ikerketatik datoz. Ikerketa horietan 15 eta 29 urte bitarteko gazteak elkarrizketatu ditugu. 2025eko datuak martxoaren eta apirilaren bitartean egindako inkesta batetik datoz. Inkesta horretan 2.250 gaztek parte hartu dute.

