Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak Cadena Ser Vitoria irrati-katean gaur azaldu duenez, ostiral honetan Arabako Lautadako aldiriak martxan jartzea Eusko Jaurlaritzak Arabako herritarrekin duen "ezinbesteko konpromisoa" betetzen du, eta lehenbailehen aktibatu da, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko aldirietako tren-zerbitzuen kudeaketa bere gain hartu ostean, aurtengo urtarrilaren 1ean.
Sailburuak adierazi du "azkarragoa, erosoagoa eta eskuragarriagoa" dela garraio publikoan bidaiatzea, eta arabarrei zerbitzua erabiltzeko deia egin die, egungo eskaria "hobetzeko" – ibilbidearen zati bat egiten duten distantzia ertaineko trenak daude gaur egun–. "Beti gaude prest hobekuntzak mahai gainean jartzeko", azaldu du, eta orain zerbitzu berria martxan jartzeko eta herritarrek nola erabiltzen duten ikusteko garaia dela adierazi du. Urte amaieran, Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundia udal ordezkariekin bilduko dira lehenengo hilabeteak aztertzeko.
Elkarrizketan, sailburuak esan du, nolanahi ere, kontuan izan behar dela "zerbitzua Eusko Jaurlaritzarena dela joan den urtarrilaren 1etik, baina trenbideak, ildoak eta geltokiak Adifen eta Espainiako Gobernuaren eskumenekoak direla, eta azpiegiturarekin zerikusia duen edozein hobekuntza egiteko baimena eskatu behar dugula, ez baitira aldiriak bakarrik igarotzen, merkantziak, distantzia ertaina, etab.".
Garcia Chuecak baieztatu du trazaduraren geltoki guztietako atariak berriro irekiko direla, Adifek egindako egokitzapen batzuen ondoren, eta horietan Ares sistema instalatuta egongo dela. Sistema horrek, bideo-deien bidez, "berehalako arreta" emateko aukera ematen du, "euskaraz eta gaztelaniaz, ez bakarrik txartelak erosteko, baita edozein informazio-beharretarako ere".
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)