Eusko Jaurlaritzak, Finkatuz funtsaren bidez —Finantzen Euskal Institutuak kudeatzen duen funtsa—, 35 milioi euroko inbertsio-akordioa formalizatu du, industria elektromekanikoaren arloan estatuan erreferentzia diren Innometal eta Ohmnia Electronics industria-taldeetan parte hartzeko. Finantzen Euskal Institutuarekin batera, Vital Fundazioa eta sektorean eskarmentu handia duen inbertitzaile pribatu bat ere sartu dira eragiketa horretan.
Inbertsioaren helburua da bi industria-talde horien etengabeko hazkundea bultzatzea eta produktuen eta zerbitzuen eskaintzaren dibertsifikazioa erraztea. Horretarako, talde horien gaitasun teknologikoak osatuko dira, haien irismena merkatu eta sektore berrietara hedatuko da, eta ekipo-fabrikatzaileei etengabe eboluzionatzen ari den merkatu globalaren erronkei aurre egiten lagunduko zaie.
Inbertsio hori Finantzen Euskal Institutua garatzen ari den Inbertsio Transformazionalen Planaren barruan zein Euskal Finantza Aliantzaren helburuen barruan sartzen da. Azken hori lankidetza publiko-pribatuko esparrua da, Eusko Jaurlaritzak eta finantza-erakundeek bultzatzen dutena Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-sarea indartu dadin, kalitatezko enplegua sor dadin eta Euskadi Europako berrindustrializazioan erreferente izan dadin. Kasu honetan, kapital pribatua eta publikoa aktibatu dugu errotzea bultzatzeko, alternatiba berri bat emateko familia-enpresen ondorengotzarako eta tamaina irabazteko enpresen sendotzerako.
Industria-talde horien kapitalean sartzearekin indartu egiten da Eusko Jaurlaritzak industria-eraldaketarekin eta sozietate bultzatzaileak bertan errotzearekin duen konpromisoa. Hartara, lankidetza publiko-pribatuaren bidez, industriaren arloko funtsezko elementuak bultzatu nahi dira, hala nola teknologia, berrikuntza eta deskarbonizazioa. Partaidetza hori eskuratzea guztiz bat dator plan horrekin, eta bi industria-taldeek lurralde nazionaleko ekipoen fabrikatzaile nagusiei integrazio-soluzio lehiakorrak eta osoak eskaintzeko duten gaitasuna indartzen da, baita Euskadiko enpresa txiki eta ertainak finkatzeko eta haiei eskalagarritasuna emateko gaitasuna ere. Aldi berean, enpresa horien ondorengotzarekin lotzen diren gaiak ebazten ditu.
Akordio horren barruan, Ogasun eta Finantzetako sailburu Noël d'Anjouk, Industria Sustatzeko sailburuorde Andoitz Kortak, FEIko zuzendari Amaia del Villarrek eta Arrisku Kapitala Kudeatzeko zuzendari Arrate Aranbarrik, Mirai Taldeko lehendakari eta zuzendari nagusi korporatibo José Jainagak eta Marco Pinedak, hurrenez hurren, eta Vital Fundazioko presidente Jon Urrestik, Naivanek Jundizeko poligonoan (Vitoria-Gasteiz) duen lantegia bisitatu zuten atzo, enpresaren zuzendaritza-taldearen eskutik instalazioak ezagutzeko. Carmen Lequerica Holding ere enpresa horretako kide da.
Finkatuz funtsa 2021ean sortu zen, eta Finantzen Euskal Institutuak du funtsaren titulartasunaren % 100. Funtsaren helburua da Euskadiko enpresa bultzatzaile handietan epe luzerako finantza-partaidetzak eskuratu eta kudeatzea, enpresa horiek bertan errotu daitezen berma dadin. Innometal eta Ohmnia Electronics industria-taldeetan egindako inbertsioa funts horren bosgarren eragiketa da, CAF, Kaiku, ITP eta Arania Taldearen kapitalean sartu ondoren.
Innometal eta Ohmnia Electronics industria-taldeek 900 langile baino gehiago dituzte gaur egun, eta urtean 180 milioi euro inguruko fakturazioa. Euskadin, bi industria-taldeek zortzi ekoizpen-planta dituzte, eta 400 pertsonari baino gehiagori ematen diete lana.
Erosketen erdia baino gehiago tokiko hornitzaileei egiten dizkiete, eta, beraz, inpaktu zuzena eta positiboa dute lurraldeko ekonomia- eta industria-sarean. Eragin bultzatzaile horrek balioa gehitzen dio Eusko Jaurlaritzaren parte-hartzeari; izatez, Euskal Autonomia Erkidegoko balio-katearen aldeko apustu irmo hori lagungarria da enplegu kualifikatua sortzeko, industria-ekosistema indartzeko eta balio erantsi handiko sektore estrategikoetara begira dagoen industria sendo eta berritzailea finkatzeko.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)