Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritzak eta UN Etxeak gazteentzako espezializazio-beka bat deitu dute Genevan

Argitalpen-data: 


      becaginebra.jpg
  • Onuraduna Giza Eskubideetarako Goi Komisarioaren Bulegoan (GENBGK) arituko da 6 hilabetean, uztailetik abendura bitartean 
  • 18.000 euroko zuzkidura izango du, eta eskaerak egiteko epea martxoaren 31ra arte egongo da zabalik

 

Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako Zuzendaritzak, UN Etxearekin elkarlanean, beka-deialdi bat egin du, Euskadiko gazte bati giza eskubideen arloko prestakuntza-esperientzia aparta eskaintzeko. Beka horri esker, onuraduna Genevako (Suitza) Giza Eskubideetarako Goi Komisarioaren Bulegoan (GENBGK) sartuko da, eta Haurren eta Gazteen Eskubideen Unitatean lan egingo du sei hilabetean, 2025eko uztailetik abendura bitartean.

 

Beka iaz jarri zen abian, eta giza eskubideen defentsarekin konprometitutako gazte baten parte hartzea lortu nahi du. 18.000 euroko zuzkidura duen beka horren helburua da nazioarteko esperientzia profesionala eskaintzea, giza eskubideak defendatzeko, sustatzeko eta babesteko garrantzi handiko ingurune batean. Gainera, Nazio Batuei buruz UN Etxeak emandako aldez aurreko prestakuntza-ikastaro bat ere barne hartzen du.

 

Jagoba Álvarez Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako zuzendariaren ustez, beka “aukera” bat da giza eskubideekin konprometituta dauden eta “munduko organismorik garrantzitsuenetako” batean nazioarteko esperientzia lortu nahi duten Euskadiko gazteentzat.  Bere ustez, María Jesús San José sailburua buru duen Justizia eta Giza Eskubideen Sailak eskaintzen duen beka horrek Eusko Jaurlaritzaren eta Giza Eskubideetarako Nazio Batuen Goi Komisarioaren bulegoaren arteko harremana sendotzeko aukera ematen du. Modu horretan, gainera, “giza eskubideak sustatzearekin dugun konpromisoa berresten dugu eta Euskadiko gazteak nazioarteko organizazioetan, bereziki UNESCOn, laneratzea bideratzen dugu”.

 

Bekaren baldintzak dira 30 urtetik behera izatea, Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotea eta azken bi urteetan graduko edo graduondoko ikasketak eginda izatea honako arlo hauetakoren batean:  Zuzenbidea, Nazioarteko harremanak, Garapen jasangarria, Humanitateak, Gizarte-zientziak, Hezkuntza, Zientzia politikoak edo kideko diziplinak. Gainera, ingelesaren ezagutza bikaina eskatzen da, eta frantsesa jakitea baloratuko da.  MS Officeren ezagutza aurreratuak izatea ere eskatzen da, eta Canva eta komunikazioetarako beste diseinu-tresna batzuen ezagutza ere baloratuko da.  

 

Interesa dutenek Curriculum Vitaea eta motibazio-gutun bat bidali behar dituzte, “Giza Eskubideen Beka Geneva” erreferentzia adierazita, martxoaren 31 baino lehen, honako helbide elektroniko honetara: gizaeskubideak@unetxea.org  

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)