Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak 2026ko lehenengo nominan ordainduko ditu Estatuak onartutako ordainsari-igoerari dagozkion atzerapenak (% 2,5eko atzerapenak 2025erako). Gutxi gorabehera 150 milioi euroko aurrekontu-inpaktua izango du 90.000 langile publiko ingururentzat.
Neurri hori joan den abenduaren 11n onartutako lege-dekretuarekin lotzen da. Lege-dekretu horrek 2025 eta 2028 bitartean % 11ko igoera metatua ezartzen du lan-kontratuko langileen eta funtzionario publikoen ordainsarietan.
Atzerapenak urtarrilean ordaintzen badira ere, Funtzio Publikoko Ministerioaren taula eguneratuak modu formalean jasotzean finkatuko da behin betiko igoera hori soldata-tauletan eta ezarriko da 2026rako igoera (igoera modu iraunkorrean integratzeko beharrezko administrazio-urratsa). Hala ere, Eusko Jaurlaritzak hasi ditu prozesu osoa arintzeko barneko lan teknikoak eta administratiboak, ordainsariak eraginkortasunez egunera daitezen eta ekitaldi berria hasten denetik aurrera nominetan normaltasunez isla daitezen.
Gogoan izan behar da 2025erako % 2,5eko igoera hori estatuan itundutako urte anitzeko ordainsari-esparruaren parte dela, eta % 2ko igoera gehigarriak aurreikusten direla 2026an (% 1,5 finkoa + % 0,5 aldakorra KPIaren urte arteko aldaketaren arabera), % 4,5ekoak 2027an eta % 2koak 2028an; hartara, aldi hori % 11ko igoera metatuarekin amaituko da. Nolanahi ere, joan den abenduaren 11n Kongresuan onartutakoak 2025erako eta 2026rako soilik izango du eragina. Estatuko Aurrekontu Orokor berririk ez dagoenez gero, 2027 eta 2028rako aurreikusitako igoerak modu independentean onartu beharko dira, ekitaldiz ekitaldi, errege-dekretu bidez.
Bide-orri horren helburua da modu partzialean konpentsatzea aurreko urteetan metatu den soldata-higadura eta sektore publikoaren erosahalmena berreskuratzen laguntzea.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)