Eusko Jaurlaritzak sektoreko profesionalei mahastizaintza sektorearentzako aparteko laguntzak aurkeztu dizkie

Argitalpen-data: 

Amaia Barredo sailburua Guardiako aurkezpenean

 

  • Laguntzak Arabar Errioxako eta txakolinaren ustiategiei zuzenduta daude, eta sektorearen egoera arintzea eta ustiategien bideragarritasuna bermatzea ahalbidetuko dute
  • Amaia Barredo: “Eusko Jaurlaritza mahastizaintza sektorearen ondoan egongo da, laguntza eskainiz eta egoera berezi bati erantzun zehatzak emanez”

 

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Arabar Errioxako eta txakolinaren mahastizaintza ustiategiei zuzendutako 3,5 milioi euroko aparteko laguntzak aurkeztu ditu astelehen honetan Guardian egindako bilera batean. Sektoreko ordezkariekin egindako topaketan, neurriaren xehetasunak azaldu dira, zalantzak argitu eta sektorearen egungo egoera partekatu da.

Sailak balorazio positiboa egin du bileraren inguruan, sektoreak zuzenean ezagutzeko aukera izan baitu laguntza zuzen honen ezaugarriak. Laguntza hori ustiategiek bizi dituzten zailtasunak arintzeko eta testuinguru bereziki konplexu batean haien bideragarritasuna bermatzeko pentsatuta dago.

Topaketan berriro azpimarratu da laguntza horien beharra, kontsumoaren beherakadak, nazioarteko merkatuetan salmenten jaitsierak, ekoizpen-kostuen igoerak eta azken kanpainetan klima-aldaketaren ondorioek markatutako eszenatoki batean. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak mahastizaintza sektorearen eta ekoizleen defentsarekiko duen konpromiso sendoa berretsi du, Euskadiko enplegurako, ekonomiaren garapenerako eta landa-ingurunearen etorkizunerako estrategikoa den sektorea baita.

Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak nabarmendu duenez, “laguntza hauek egoera berezi bati erantzuten diote, eta argi erakusten dute Eusko Jaurlaritza mahastizaintza sektorearen ondoan egongo dela gehien behar duenean, entzunez, lagunduz eta erantzun zehatzak emanez”.

Barredok gogorarazi du laguntza zuzena dela, eskabiderik aurkeztu beharrik gabea, eta 2025eko mahats-bilketako hektareako batez besteko errendimenduaren arabera prima moduan emango dela. Ekoizpen txikiagoa duten ustiategiek zenbateko handiagoak jasoko dituzte, eta %30eko gehikuntza aplikatuko da ekoizpen ekologikoko lursailetan. Ustiategi bakoitzeko gehieneko laguntza 20.000 eurokoa izango da.

Laguntza hauek bi ordainketatan gauzatuko dira. Lehenengo ordainketa datorren abenduaren 30ean onartuko da Gobernu Kontseiluan. Zenbatekoa 2.824.234 eurokoa izango da, eta 585 pertsona onuradun izango ditu. Bigarren ordainketa urtarrilean zehar izapidetuko da, baldintzak betetzen dituzten gainerako erakunde edo pertsonentzat, guztira 711 onuradunetara iritsi arte. Bigarren ordainketa horrek 734.583,73 euroko zenbatekoa izango du.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak berretsi du sektorearekin batera egiturazko neurrietan lanean jarraituko duela, Madrilen eta Bruselan bere interesak defendatuz, NPBren (PAC) laguntzen berrantolaketa bultzatuz eta nazioarteko merkatu berrien irekiera indartuz, bereziki Japonia eta Mexiko bezalako herrialdeetan arreta jarriz.

Neurri honekin, Eusko Jaurlaritzak euskal nekazaritza-ingurunea babesteko, mahastizaintza sektorea sostengatzeko eta landa-ingurunean aberastasuna eta enplegua sortzen laguntzeko duen apustua berresten du.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)