Eusko Jaurlaritzak ohartarazi du ahalmen berriko 6.000 megawatt gehiago behar direla euskal sare elektrikoan deskarbonizazioko inbertsioei ekiteko.

Argitalpen-data: 


      AEEE_IRANTZU_ALLENDE.jpg
  • Irantzu Allende Trantsizio Energetikoko sailburuordeak ideia hori nabarmendu du Ekonomia Energetikorako Espainiako Elkartearen (AEEEE) XX. Kongresuaren inaugurazioan
  • Ekainaren 2tik 4ra, goi-mailako hitzaldien bidez eztabaidatuko dira karbonorik gabeko energia-eredurantz aurrera egiteko trantsizioak industriari dakarzkion erronka eta aukerekin lotutako gaiak

Ekonomia Energetikorako Espainiako Elkarteak (AEEEE) XX. Kongresua inauguratu du gaur goizean Bilbon. Bertan, Europako deskarbonizazio-politikek hazkunde industrial eta sozialerako dituzten erronkak eta aukerak aztertuko dituzte adituek. Hasiera-ekitaldian egin duen mintzaldian, Allendek nabarmendu du Euskadiko energia- eta industria-politika bat datorrela Europako esparruarekin, eta garrantzi handia duela industria-sarearen etorkizuneko jasangarritasunerako eta lehiakortasunerako.

“2050ean emisioen neutraltasuna lortzeko helburua ez da soilik ingurumenarekiko konpromisoa, euskal ekonomiaren lehiakortasunerako eta garapen industrialerako estrategia ere bada. Europako Clean Industrial Deal ekimenak mezu argia planteatu du: deskarbonizazioa hazkunde-eragile bihurtzea Europako industrientzat. Horregatik, Gobernu honen ahaleginak bat datoz Europarekin, eta herrialde honentzako industria gehiago, industria hobea eta emisio gutxiago lortzera bideratuak daude ". Horixe da Irantzu Allende Trantsizio Energetikoko sailburuordeak gaur Bilbon egiten ari den Ekonomia Energetikorako Espainiako Elkartearen XX. Kongresuaren inaugurazioan egin duen mintzaldiaren ideia nagusia.

Irekierako ekitaldian, Gotzone Barandika EHUko errektoreordeak, Hugo Lucas AEEEko presidenteak eta Valvanera Ulargui Europako Batzordeko Trantsizio Garbi, Justu eta Lehiakorrerako Lehendakariorde Exekutiboaren Kabineteko zuzendariak ere hartu dute parte. Bere mintzaldian, Irantzu Allendek adierazi du energia-horniduraren segurtasuna funtsezkoa dela euskal energia-politikan, eta nabarmendu du energia berriztagarriak "ekonomiaren deskarbonizaziorako berme" direla, "horniduraren egonkortasunaren eta prezioen aurreikusgarritasunaren bermatzaile". Horregatik, bere hitzetan, Eusko Jaurlaritzak sare elektrikoa indartzearen aldeko apustu irmoa egiten du; izan ere, "hura hobetzeko inbertsiorik ez egiteak enpresen jarduera deslokalizatu eta 70.000 pertsona baino gehiagoren enplegua arriskuan jar lezake".

Azkenik, Allendek adierazi du euskal ekonomiaren deskarbonizazio adimenduna "ez dugula atzeratu behar, eta elkarrekin eta eskutik helduta aurrera egiten badugu bakarrik izango dela posible. Zalantzarik gabe, horretarako, gai izan behar dugu gure gizarteari transmititzeko trantsizio energetikoa ez dela arrisku bat, aukera partekatu bat baizik, gure industriari lehiakortasun handiagoa izateko aukera emango diona".

Kongresuaren hiru jardunaldietan zehar, industria deskarbonizatzeko hainbat eredu, Europako Clean Deal Industriala, industriako neutraltasun klimatiko eta energetikoa eta gas berriztagarriek deskarbonizazioan duten zeregina aztertuko dira hitzaldi, keynote eta mahai-inguruen bidez.

Trantsizio energetikoa, erronka kolektiboa

Bilboko Kongresuaren bezperan, AEEEk "Energia berriztagarriei lotutako proiektuen onarpen soziala" izeneko saioa antolatu zuen. Mikel Amundarain Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak parte hartu zuen, eta azpimarratu zuen garrantzitsua dela trantsizio energetikoa erronka kolektibo gisa ulertzea, herritar guztiok baitugu gure zeregina erronka horretan. “Trantsizio energetikoaren prozesuak bere bidea jarraitzen du EEEk 80ko hamarkadaren hasieran bere ibilbideari ekin zionetik. Orain, Legean jasotzen den bezala, 2050. urtera begira euskal ekonomiaren deskarbonizazioa planteatzen da helburu gisa. Eta helburu hori betetzeko, betiko energia-politiketan eragiten jarraitu beharko dugu (eraginkortasuna, elektrifikazioa, hornidura-bermea, emisioen murrizketa...), lehentasunezkoak diren beste aldagai batzuekin batera, hala nola justizia (inor atzean ez uztea) eta herritarren parte-hartzea”.

Adierazi behar da Euskadin, 2024an onartutako Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko Legeak helburu batzuk aurreikusi dituela emisio gutxiko energia-eredurantz iragaitean, asmo handikoak baina ezinbestekoak neutraltasun klimatikoa lortzeko. Horrela, 2030erako energiaren azken kontsumoan gutxienez % 12 aurreztea ezarri da eta 2050erako % 27. Era berean, 2030ean energia berriztagarrien parte-hartzea % 32ra igotzea eta emisioak % 45 murriztea aurreikusi da.

Testuinguru horretan, Amundarainek sareen egungo gaitasuna indartzeko eta sistema modernizatzeko beharra azpimarratu zuen eztabaidan zehar, eta horrek "berriztagarriek mixean duten parte-hartzea handitzea ekarriko luke, baina baita deskarbonizazioan eta garapen industrialean aurrera egitea ere. Sareak ez baditugu indartzen, ezin izango dugu industria deskarbonizatu berria garatu. Gainera, uste osoa dugu balio-kateak hobera egingo duela euskal enpresen garapen teknologikoa bultzatuta, eta, aldi berean, aukera bat dela nazioarteko merkatuetan ezartzeko", adierazi zuen.

Proiektu energetikoen onarpen sozialari buruzko mahai-inguruan parte hartu zuten, Julio Castro (Iberdrola) EEEko zuzendari nagusiarekin batera, Edurne Basterrak (UAGA), José I. Mendozak (UNEF-Euskadi) eta Aitor Urresti EHUko irakasleak. Bestalde, Lehiakortasunaren Euskal Institutuak herritarrek berriztagarriei buruz duten pertzepzioari inguruan egindako txostenaren emaitzen berri eman zuen Jorge Fernández Orkestrako analistak.

 

 

 

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)