Eusko Jaurlaritzak neurriak proposatu ditu berdelaren kuotaren murrizketaren aurrean euskal ontziei laguntza emateko

Argitalpen-data: 

BERDELA2.jpg
  • 2026rako kuota handiagoa, kudeaketa malgua eta Europar Batasunaren erantzun irmoa eskatzen ditu hirugarren herrialdeen aldebakarreko akordioen aurrean

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak bere desadostasuna helarazi dio dagoeneko Espainiako Gobernuko Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari, gai hori eskumena duten Europako erakundeen aurrean aurkez dezan. Zehazki, berdelaren kuotari dagokionez indarrean dagoen behin-behineko esparruaren zuzenketa eskatu du, bai eta Europar Batasunak kostaldeko estatuen arteko negoziazioetan jarrera argia har dezala ere.

Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du premiaz jarduten jarraituko duela, sektorearekin koordinatuta, Espainiako Ministerioari eskaerak eginez eta EBri jarrera argia eskatzeko: “Ahalik eta azkarren behin betiko akordioa, bidezko banaketa eta berdelaren kuotaren kudeaketa malgua eskatzen ditugu. Hori da gure ontzien enplegua, jarduera eta etorkizuna babesteko bidea”, adierazi du Amaia Barredo sailburuak.

Espainiako Ministerioari helarazitako proposamen nagusien artean, Eusko Jaurlaritzak urte arteko malgutasun-mekanismoa aplikatzea eskatu du, 2025ean kontsumitu gabe geratutako kuotaren % 10 arte 2026ra eramatea ahalbidetzen duena. Neurri horrek 2.742 tona gehigarri ekar litzake Espainiako Estatuaren kuotara, eta horietatik 736 tona euskal ontziei egokituko litzaizkioke, 2026an ia 2.500 tonara iritsiz.

Era berean, Sailak kudeaketa-neurrien malgutzea eskatu du, eskuragarri dagoen kuota ahalik eta gehien aprobetxatzeko. Ildo horretan, indarrean dagoen araudiak aurreikusten dituen mekanismo guztiak aktibatzearen alde agertu da, kuoten transferentziak ahalbidetuz ez bakarrik arrantza-modalitate bereko ontzien artean, baita ontzien segmentu desberdinen artean ere — arrastea, inguraketa eta arte txikiak— eta, legez posible denean, arrantza-eremuen artean ere.

Eusko Jaurlaritzak, halaber, Espainiako Ministerioari eskatu dio Europako Batzordeari berehala eskatzeko Europar Batasunean legez kanpoko arrantzatik eratorritako berdelaren inportazioa eragozteko tresna juridiko komunitarioak aktiba ditzala, baldin eta EBtik kanpo kostaldeko estatuek aldebakarrez adostutako kuoten autoesleipena indarrean jarraitzen badu.

Eusko Jaurlaritzak elkarrizketa iraunkorra du sektorearekin eta ez du baztertzen, egoki iritziz gero, berdela amu bidez arrantzatzen duten ontzientzat kostera garaian jardueraren aldi baterako geldialdia onartzea. Geldialdi hori ekonomikoki konpentsatuko litzateke Itsas, Arrantza eta Akuikulturako Europako Funtsaren (FEMPA) kargura.

Sailak gogorarazi du 2025ean kudeaketako malgutasunak eta kuoten transferentziek sektorearen jarduerari eustea ahalbidetu zutela, eta esperientzia horrek erakusten duela kudeaketa arin eta koordinatua funtsezkoa dela murrizketen eragina ahalik eta gehien murrizteko.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)