Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio “Murgia Etxearen Artxiboa” izeneko funtsa zuzenean eskuratzeko prozedurari, 65.000 eurotan. Dokumentu-artxibo hori 88 paper-sortak osatzen dute, eta XV. mendetik XX. mendearen lehen erdira arteko dokumentazioa biltzen dute. Batzuetan, ekitaldi zaharragoei egiten diete erreferentzia, eta, beraz, Murgiako etxearekin eta eskualdeko bizitzarekin lotutako familia-historiaren ikuspegi nahiko osatua eskaintzen du.
Batez ere familia-izaerako dokumentazioa da, garaiko ezkontza-politikak, familia-ondarearen bilakaera edo gure historiarako garrantzitsuak diren ekitaldiak erakusten dituena, Gipuzkoako bandoen gerretatik hasi eta karlistaldietaraino, baita Amerikarekiko merkataritzatik ere. Gainera, aipatutakoak baino lehenagoko garaietako erreferentziak dituzten bost dokumentu daude, hala nola, 839., 1095., 1212., 1250. eta 1389. urteetakoak. Dokumentazio gehiena jatorrizkoa da, eta, batzuetan, ondorengo mendeetako dokumentuen ziurtagiriak edo kopiak daude.
Funts berezia da, eta, besteak beste, Juan Ramón Yturriza y Zabala historialariak idatzitako Bizkaiko Historiaren Laburpenaren (1800) jatorrizko eskuizkribua nabarmentzen da. Juan Ramón Yturriza y Zabala genealogiak VIII. mendeaz geroztik albiste historikoak, dokumentu juridikoak edo Luis de Salazar jaunak Montserrateko Monasterioan gordailututako Bizkaiko Jaurerriari dagozkion paperen aurkibidea idatzi zituen.
Funtsaren ezaugarriak zirela eta, 2007 urtean interesgarria izan zen lekualdatze- eta gordailutze-kontratu bat egiteko José María de Orbe Klingenberg jaunarekin, hau da, Valde-Espina markesarekin. Funts hori digitalizatzeko, gainera, hitzarmen bat sinatu zen, eta kopia digitala konfidentziala izanik, zabaldu ahal izateko, jabearen idatzizko aurretiazko baimenaren beharrezkoa zen. 2024ko azaroan, erosketa negoziatu ostean, jabeak baimena eman zuen Murgiako Etxearen Artxiboaren kopia digitala Euskadiko Artxibo Historikotik zabaltzeko, Badator artxibo-atariaren bidez.
Gaur egun ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarentzat interes handia du, arestian adierazitako arrazoiengatik, eta, orain, Gobernu Kontseiluak baimena eman du, behin-betiko, funtsa eskuratzeko eta hori zabaltzeko eta euskal herritarren esku jartzeko.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)