Eusko Jaurlaritzak milioi bat euro bideratuko ditu musika-jarduera profesionala sustatzera (Gobernu Bilera 2025-03-18)

Argitalpen-data: 


      Argazkia.jpg

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du 2025ko ekitaldiko musika-jarduera profesionaletarako dirulaguntza deialdia. Helburua da musikagintzaren balio kate osoa indartzea, hau da, sorkuntza, ekoizpena, erakustaldia, kontsumoa eta profesionalen lana beti ere enpresen eta programazioaren egonkortasuna babestuz. 

Bost kategoria desberdinetara bideratuta daude dirulaguntza hauek:

  • Partiturak argitaratzea (55.000 euro): helburua partituren edizio eta banaketa profesionaleko proiektuak finantzatzea da.
  • Musika-ekoizpena (550.000 euro): Modalitate honen helburua da Euskal Herrian jaiotako edo bizi diren musikariek sortutako edo interpretatutako musika-lanak ekoizteko proiektuak babestea, bai eta euskarazko errepertorioa guztizkoaren % 75 baino handiagoa duten musikarienak ere.
  • Sektore-garapena (160.000 euro): Modalitate honetan aurreikusitako laguntzak Euskal Herriko musikaren sektoreko eragileen jarduera garatzen eta hedatzen lagunduko duten proiektuak finantzatzeko zuzenduta daude; zehazki, honako jarduera hauek:
    • a) Musikariei edo musika-talde berriei zuzendutako prestakuntza-jarduerak (eszena profesionalerako).
    • b) Musika-sektore profesionaleko beste eragile batzuen prestakuntza.
    • c) Euskal Herriko musika-jardueraren hedapen orokorrerako jarduerak edo edukiak.
    • d) Musika-ikerketa, produktu jakin bat garatzea dakarrena, bai eta produktu horren edo diruz lagundutako prozesuaren ondorioen aurkezpen edo jarduera ireki bat ere.
    • e) Entitate eskatzailea egungo musika jardueraren egoerara egokitzeko ekintza espezifikoak.
  •  Zuzen-Zuzenean zirkuitua (160.000 euro): Modalitate hau Euskal herriko musika taldeen programazioa musika areto pribatuetan presentzia sustatu nahi du -beraien katxeak 400 eta 1.800 euro bitartekoak baldin badira - .
  • Musika-zikloak (75.000 euro): modalitate honen helburua ekimen pribatuko musika-ziklo espezializatuak antolatzen laguntzea da. Gutxienez 12 kontzertu eta 4 hilabeteetako musika estilo berezietako programazioak laguntzen dira.

Interesa dutenek hilabeteko epea izango dute eskaerak aurkezteko agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Ondoren modalitate bakoitzerako sortuko den balorazio batzorde batek aztertuko ditu eskaerak. 

Kultura eta Hizkuntza Politika sailak guztira 97 proiektu babestu zituen 2024an musika-jarduera profesionala laguntzeko dirulaguntzen deialdiarekin.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)