- Ermuko Nazioarteko Elkartasun Kontseiluak, Santiago Apostoluaren elizak, ATCADE. Ermuko etxez etxeko zaintzako langileen elkarteak, 3 KULTURA Kulturarteko bitartekaritza-elkarteak, Yallah Zurekin elkarteak, ADEMAk eta PAACEk sari bana jaso dute.
- 2026an Amurriok lekukoa hartuko du eta Migratzaileen Nazioarteko Eguna ospatzeko ekitaldia antolatuko du.
Migratutako pertsonen integrazioari ematen zaion bultzada aitortzeko urteko ekitaldia Ermuan (Bizkaia) egin du Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko sailak. Migraziorako Euskal Itun Sozialak sustatutako ekitaldi honetan bizikidetzaren eta aniztasunaren alde lan egiten duten pertsonek eta kolektiboek egindako lana aintzat hartzen da. 2022az geroztik, Eusko Jaurlaritzak Pertsona Migratzaileen Nazioarteko Eguna bultzatzen du, Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2000. urtean horretarako aldarrikatutako datarekin bat etorriz. Aurreko urteetan Zarautzen, Bilbon edo Laguardian ospatu da eta aurten Ermua izan da aukeratutako udalerria. Bizkaia eta Gipuzkoa arteko mugan dagoen herri honek migrazioarekin izandako harremana ukaezina da eta XXgarren mendeko hainbat hamarkadetan penintsula osoko milaka migratzaile jaso ditu, gaur egun munduko hainbat herrialdetatik etorritakoek ere Ermuko gizarteak erakusten duen bizikidetzarako konpromisoa aberasten dute.
“Ermua burdinaren herria izan da eta inguru honetan sortutako industrian lan egitera etorritakoek haien familientzako bizi-baldintza hobeagoren bila etorri izan dira. Ez hori bakarrik, Ermuko gizartea josten eta aberasten aritu dira, jatorriz bertakoak zirenekin balioak eta ohiturak partekatzen jardun dute. Honek guztiak Migraziorako Euskal Itun Sozialak aipatzen duen erantzukidetasuna isladatzen du. Eskubide eta beteharrak guztionak dira eta horien aitortza barneratzen denean bizikidetzan aurrera egiteko pausuak ematen dira” adierazi du Nerea Melgosa sailburuak.
Zer da Migrazioarako Euskal Itun Soziala?
Migraziorako Euskal Itun Soziala, euskal erakundeek eta migrazio-fenomenoen inguruan jarduten duten gizarte-erakundeek sinatu zuten, 2019ko azaroaren 30ean. Itun honen helburu nagusia gizarte inklusioa sustatzea da, bai migratzaileek eta haien familiek gizartean integratzeko aukera izan dezaten eta baita zaurgarritasun-egoeran dauden adingabe eta gazte migratzaileei laguntzea emateko ere. “Migraziorako Euskal Itun Sozialak euskal gizartean migrazio seguru, ordenatu eta erregularreko balioak zabaltzea du helburu. Horrez gain itunak migratzaileen eskubideak eta betebeharrak defendatzen ditu eta bere beste lan ildo garrantzitsuetariko bat gizartean bizikidetza sustatzea da” gaineratu du Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko sailburuak.
Aurtengo sarituak
Ermuko Nazioarteko Elkartasun Kontseilua // Bi hamarkadetan zehar udal mailako espazio honek nazioarteko elkartasuna sustatzeko helburuarekin herriko elkarteak eta pertsonak batu ditu.
Santiago Apostoluaren Eliza // Eliza honetara hurbiltzen diren pertsona migratzaileek zerbitzurako bokazioa eta bizikidetzarekiko konpromisoa jaso dute. Elizakoek egiten duten lan diskretuari eta abegikorrari esker migratzaileek leku honetan hasiera-hasieratik babesa ematen duen espazio ireki bat aurkitzen dute.
Atcade Etxeko Langileen Elkartea // Ermuko etxez etxeko zaintzako langileen elkartea. Duela bi urte sortu zen, etxeko langileek Ermuan zituzten beharrizanei erantzun bat emateko asmoz. Laguntza, informazioa, prestakuntza eta sarea eskaintzeko gune bat da eta etxeko zainketen lana duintzeko helburua dauka.
3 Kultura Elkartea // Hezkuntza-komunitatean bitartekaritza-zerbitzuak eta familiei hezkuntza-errefortzua eskaintzen dizkie. Atzerriko haurren curriculum-oztopoak eta desorekak murrizteko Kulturarteko Bitartekaritzako Udal Zerbitzuarekin elkarlanean aritzen da. Era berean irakasleei kultura-gakoak interpretatzen laguntzen die eta familiek hezkuntza-komunitatean parte har dezaten saiatzen da.
Yallah Zurekin // Haien kezka nagusia emakumeen aukera-berdintasuna lortzen laguntzea da, batez ere jatorri magrebtarekoena. Horretarako, baliabide komunitarioetara hurbiltzeko programetan elkarlanean dihardu, osasun fisikoa eta psikosoziala zein pertsonen laneratzea sustatzeko eta bigarren belaunaldietako kideen bitartez gizarte-kohesioari laguntzeko.
Saharaz azpiko elkarteak // PAACE eta ADEMA. Lehenengoa Afrikan nekazaritza sustatzeko eta energía sortzeko elkartea da. Azken urteetan PAACEko kideek jardunaldiak afrikarrak antolatu dituzte eta beren balioak hartu dituen komunitatearekin partekatu izan dituzte. Bigarrena Afrikako emakumearen garapenerako elkartea da. Azken urteotan, herriko beste elkarte batzuekin elkarlanean aritu da, batez ere, kulturarteko jardunaldietan. ADEMAko kideak ere erreferente dira Ermuan bizi diren afrikar familia berrientzat.
Ermua Antzokiko ekitaldia
Migrazioaren Euskal Itun Sozialaren mezua lau haizetara zabaltzeko ekitaldian musikarik ez da falta izan. Asammer Bandek amazigh erritmoak jazzarekin eta rockarekin uztartu ditu abestien letren bitartez justizia soziala aldarrikatuz. Bestalde Txalamakilak/Afrikan Vibes emanaldian erroen arteko elkarrizketa proposatzen duen dantza eta perkusio emanaldia izan dira. Erritmoaren eta mugimenduaren bidez Bizikidetza, topaketa eta aniztasuna isladatu nahi izan dute. Era berean, Olfa Sendesni eta Tfarah Yeslem taldeen emanaldiaren bitartez migrazioari alderdi emozionaletik begiratu zaio. Deserrotzearen erdian dagoen maitasunari, galerari eta duintasunari buruzko pieza taularatu dute.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)