Eusko Jaurlaritzak larrialdi-egoerei aurre egiteko erantzuna indartu du Aginte Postu Aurreratuko ibilgailu berri bat gehituta

Argitalpen-data: 

  • Ibilgailu arin bat da, iristeko zailak diren lekuetara iristeko gai dena, eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak kudeatuko du.
  • APAtik zentralizatu, kudeatu eta koordinatuko dira denbora errealean larrialdian esku hartuko duten baliabideak eta informazioa.

Eusko Jaurlaritzak larrialdi-egoerei aurre egiteko erantzuna indartu du Aginte Postu Aurreratuko (APA) ibilgailu arin berri batekin. Ibilgailuak prestazio tekniko handiak ditu eta iristeko zailak diren lekuetara mobiliza daiteke.  

Ekipamendu berri hori Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak kudeatuko du, eta ohiko eta ezohiko larrialdi-egoeretan eta planifikatutako ekitaldi eta simulakroetan operazio-zentro mugikor edo aldi baterako gisa erabiliko da, larrialdi-egoeretan parte hartzen duten baliabideak (polizia, suteak itzaltzeko zerbitzuak, osasun-langileak, babes zibila) zentralizatu eta koordinatzeko eta informazioa denbora errealean kudeatzeko.

Adierazi behar da Aginte Postu Aurreratu (APA) berriak TETRA Enbor Sarea sistemako hiru irrati dituela Segurtasun Sailaren Segurtasun Publikoaren Sarean integratuta, eta horrek komunikazio seguruak, fidagarriak eta denbora errealekoak bermatzen ditu esku hartzen duten kidego eta zerbitzuen artean.  Era berean, ibilgailuak aire-bandako irrati bat eta itsas-bandako beste bat ditu, eta horrek aireontziekin eta itsas-unitateekin koordinatzeko aukera ematen du operatibak hala eskatzen duenean.

Horrez gainera, Internetera konektatzeko zerbitzua, WIFI sare propioa eta Segurtasun Sailaren sare korporatiborako sarbidea ditu, eta horrek informazioa trukatzea, datu-baseak kontsultatzea, irudiak eta dokumentuak transmititzea eta larrialdi-egoeretan edo dispositibo berezietan operazioak kudeatzea eta koordinatzea errazten du.

Eusko Jaurlaritzak 109.000 euroko inbertsioa egin du ibilgailu berri horretan, larrialdietan agintearen eta kontrolaren eraginkortasuna indartzeko eta edozein gertaeraren aurrean erabakiak hobeto hartzeko eta hobeto erantzuteko.

 

Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzako Esku-hartze Zerbitzuko arduradun Gaizka Etxaberen adierazpenak hemen

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)