Urteko azken Gobernu Kontseilua egin ondorengo prentsaurrekoan, Maria Ubarretxena bozeramaileak amaituko den urtearen balantzea egin du, eta " Autokonplazentzian erori nahi ez badugu ere, Eusko Jaurlaritzaren barruan egindako lanarekin pozik gaude" baloratu du.
Laburpenean, Ubarretxenak nabarmendu duenez, "Jaurlaritza euskal herritarren benetako lehentasunetan zentratuta dago: osasuna, etxebizitza, hezkuntza, ekonomia eta enplegua, segurtasuna eta autogobernua. Euskal Osasun Itunari buruzko akordioarekin, Etxebizitza Bideratzeko Planaren bultzadarekin, euskal eskola publikoan gehiengo sindikalarekin lortutako akordio arautzailearekin edo Euskal Finantza Aliantza abian jartzearekin”. Sailburuak ez du ahaztu nahi izan Europako lider nagusiek Makroeskualde Atlantikoari emandako babesa, “Euskadik Europar Batasuneko eztabaida estrategikoetan eragiteko duen jarrera eta gaitasuna indartzen baitu” azpimarratu du sailburuak.
Industriarako laguntza teknologikoak
Eusko Jaurlaritzak EAEko industriarako 2026ko lehen hiru laguntzak jarri ditu abian. Laguntzak, I+G+b arlokoak, Hazitek, Elkartek eta Azpitek programen barruan daude.
“Hazitek programak 119 milioi edukiko ditu Proiektu Eraldatzaileak, Proiektu Estrategikoak eta Proiektu Lehiakorrak egiten laguntzeko; Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko ikerketa, garapen eta berrikuntzako erakundeek Elkartek programaren 47 milioi eskura izango dituzte, elkarlanean bultzatutako ikerketa egiteko; eta Azpitek programako 9 milioiekin ikerketako azpiegiturak eta ekipamendua erosi, instalatu, berritu eta eguneratzeko baliagarriak izango dira” azaldu du Mikel Jauregik Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun.
Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordearen osaera berria
Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordearen osaera berria onartu du gaur. Batzordea presidente batek eta bost bokalek osatzen dute, eta kargu guztiak berritzen dira, bat izan ezik, zeina bi urte barru berrituko baita. Konposizio berria honako hauek osatzen dute: Enrique Lucas Murillo de la Cueva, Nieves Martínez de Antoñana, Marta Aldanondo Garaizabal, Santiago Ron Cruzelegui eta José Antonio González Saiz. Eta José Julio Gonzalez Zamanillo batzordeko kide izaten jarraitzen du.
Batzordeko kideak bost urterako izendatu dira eta ez dute inolako lansaririk jasoko beraien lanaren truke. Izendapen berriek urtarrilaren 14an argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta orduan sartuko dira indarrean.
Batzordea Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari atxikitako kide anitzeko organoa da, baina erabateko autonomia funtzionala du. Batzorde honek Ertzaintzaren edo Euskadiko Udaltzaingoaren barruan eskubideak urratu daitezkeela adierazten duen edozein jokabide edo praktika aztertuko du, ofizioz nahiz alderdi batek eskatuta. Azken helburua da legitimitatea eta herritarren konfiantza indartzea, hau da, polizia-jardunaren gaineko kontrolen neutraltasunarekiko eta objektibotasunarekiko konfiantza indartzea.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)