Eusko Jaurlaritzak Euskadiren interesentzat garrantzitsuak izango diren aurrerapausoak espero ditu  uztailaren 15ean

Argitalpen-data: 


      2025-07-07_Radio_Euskadi_Ubarretxena.jpeg
  • Aldebiko Batzordea egingo da egun horretan Imanol Pradales Lehendakariaren eta Pedro Sánchez presidentearen artean eta bileran jorratuko dira, besteak beste, eskumenen eskualdaketa, Euskadiren energia-gaitasuna eta euskara

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua elkarrizketatu dute gaur Radio Euskadiko "Boulervard" saioan.

Egungo egoera politikoaren aurrean, bozeramaileak ziurtatu du Moncloan Gobernu bat dagoen bitartean Eusko Jaurlaritzak lanean jarraituko duela Euskadiren interesen alde. Horregatik, Ubarretxenak espero du uztailaren 15a, Imanol Pradales Lehendakariaren eta Pedro Sánchez Gobernuko presidentearen arteko Aldebiko Batzordea egingo den eguna, egun garrantzitsua izatea Euskadiren interesentzat.

Bozeramaileak adierazi duenez, asteazken honetan bilera bat egingo dute Madrilen datorren astearteko Aldebiko Batzordea prestatzeko. Batzorde horretan, eskualdatzeke dauden eskumenez gain, beste gai batzuk ere jorratuko dira, hala nola Euskadiren energia-gaitasuna eta euskara.

Gizarte Segurantzaren blokearen transferentzien negoziazioei dagokienez, Ubarretxenak berretsi du ez duela oztopo juridikorik ikusten uztailaren 15ean akordio politikoak lortzeko.

"Kotizazio gabeko prestazioen eskualdaketarekin, ziklo bat itxiko genuke, eta Euskadik kudeatuko lituzke kotizaziopekoak ez diren prestazio guztiak -azaldu du Ubarretxenak-, halaber, egun SEPEk kudeatzen duen kotizaziopeko langabezia-prestazioa eskualdatuta, Euskadik enplegu-politika aktiboak eta pasiboak Lanbidetik modu integralean kudeatu ahal izango lituzke leihatila bakar gisa: lan-orientazioa, ikastaroak, enplegu-bilaketa, langabezia-prestazioa... herritarrei lan-arloko kudeaketak errazteaz ari gara, eta lan-arloa oso gai garrantzitsua da pertsona guztiontzat". "Euskaditik positiboak gara 15ari begira" azpimarratu du.

Bozeramaileak ez du ezkutatu arlo politikoan gertatzen ari denaren inguruko kezka, "horrelako gertaerek ez diote inolako mesederik egiten demokraziari, eta erakundeekiko eta politikariekiko mesfidantza areagotzen dute; zarata-une baten aurrean gaude, baina ez dugu arreta galduko, oso argi ditugu herri honen erronkak zein diren eta exijentziaz eta autoexijentziaz lan egiten jarraituko dugu ", baieztatu du Ubarretxenak.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)