- Bi hilean behin argitaratzen den aldizkari honek kultur nortasuna, emakume ijitoa edo hizkuntza-aniztasuna bezalako gaiak jorratzen ditu.
- IJITON proiektua 2026an are gehiago zabalduko da eta Vodcast bat, dokumental bat, hainbat erakusketa izango ditu, baita ikastetxetan eta unibertsitatetan bideratuko diren hezkuntza-ekintzak ere.
IJITON Magazine bi hilean behingo aldizkaria da, AGIFUGI elkartearen eta Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Sailaren arteko lankidetzari esker sortua. Bere helburu nagusia ijitoek osatzen duten komunitate heterogeneoaren iritzi, gogoeta eta diziplina artistikoak zabaltzea da.
Ateak irekitzeko bokazioa duen komunikabide artistikoa da eta 2025ean sortu da. Dagoeneko lau zenbaki digital argitaratu dira eta lehen aldiz paperezko ale bat aurkeztu da.
IJITON Magazinaren lehen lau edizio digitaletan hainbat gai jorratu dira, hala nola nortasun kulturala, emakume ijitoaren irudia, hizkuntza-aniztasuna, indarkeria sinbolikoa... Hori guztia musika, literatura, zinema eta ijito-dantzaren munduko erreferentzia askoren aberastasun kultural historikoa eta garaikidea ahaztu gabe.
"Eusko Jaurlaritzak ijitoen kontrako diskurtsoen aurrean konpromiso sendo eta aktiboa berresten du, gaur egun oraindik ere desberdintasuna, bazterketa eta isiltasuna eragiten dituen arrazismo iraunkor horren aurrean tinko mantenduko gara. Legeekin, politika publikoekin, datuekin, prestakuntzarekin eta hezkuntzarekin borrokatzen dugu. Baina, era berean, eta batez ere, kontakizunarekin. Ijito Herriaren balioa, duintasuna eta aberastasuna aitortzen dituen narratiba batekin. Egia besarkatzen duen narratiba, iraganari ausardiaz begiratzen diona eta etorkizun partekatua eraikitzen duena" ziurtatu du Txema Ezkerra Eusko Jaurlaritzako Aniztasun eta Bizikidetza zuzendariak.
Ezkerrak gaineratu du Kike Jimenezek bultzatutako IJITON bezalako proiektuak funtsezko hauspoa direla, Ijito Herria sorkuntzaren, kulturaren eta pentsamendu garaikidearen erdigunean jartzen dutelako. "Haien ahotsetik eta artetik egiten dutelako eta guztiok interpelatzen gaituztelako: zer leku du gaur egun Ijito Herriak gure erakundeetan, gure kaleetan, gure hedabideetan, gure ikasgeletan?" azaldu du Eusko Jaurlaritzako Aniztasun eta Bizikidetza zuzendariak.
IJITON Magazine aldizkariaren 5. zenbakia paperezko formatuan argitaratu den lehena da, eta Euskadiko liburutegietan egongo da eskuragarri. Argitalpenaren edizio honetan ijitoen ikusezintasunaz, futurismo romani-az, ijitoen kartel feministaz edo arte-sorkuntzaren indarraz hitz egiten da. IJITONek Futurismo Romaní izeneko korronte artistiko europarrari erreferentzia egiten dio eta kontzeptu horri buruzko elkarrizketa mardula dakar.
Aniztasun, Bizikidetza eta Belaunaldien arteko Elkartasunerako Zuzendaritzak IJITON aldizkariaren sorrerari 10.000 euroko ekarpena egin dio.
2026an, IJITON komunikazio-proiektua are gehiago hedatuko da, hainbat formatutara zabalduko baita. IJITONen mezua Vodcast baten, dokumental baten, eta hainbat erakusketen bitartez hedatuko da, baita ikastetxeetan eta unibertsitateetan izango diren hezkuntza-ekintzen bitartez ere. IJITONek bere nukleo editoriala irudira, soinura eta sorkuntza ikus-entzunezko propiora bideratuko du.
2026an IJITON proiektuak 30.000 euroko dirulaguntza izenduna jasoko du Aniztasun, Bizikidetza eta Belaunaldien arteko Elkartasun Zuzendaritzaren eskutik. Eusko Jaurlaritza IJITONeko bazkide nagusi bihurtu da eta bere iraunkortasunerako bermatzaile gisa finkatu ere. Proiektuaren fase guztietako garapenari lagundu dio eta Euskal Herriko eta Europako kulturaren panoramaren barruan haren legitimitatea indartu du.
"Euskadiko ijito-herriaren eskutik, kultur egitura garaikide, iraunkor eta nazioarteko proiekziodun bat eraiki nahi dugu. Ez gatoz leku eske, begiratzen ez zigutenean ere hemen geundela gogoratzera gatoz" adierazi du Kike Jimenez IJITONeko arduradunak.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)