Eusko Jaurlaritzak egoerari buruzko diagnostikoa egin du, Berdintasuneko teknikariei eta kargudunei egindako inkesta batean oinarrituta. Inkestaren xedea zen sektore publikoko aurrekontuak egiterakoan genero-ikuspegia txertatzeak dituen indarguneak eta zailtasunak antzematea. Egoeraren diagnostiko hori lagungarria izango da Gobernu Kontseiluak ekainaren 10ean onartutako estrategiaren bide-orria egiteko. Inkesta horretan agerian geratu zen erakundeen babesa eta lidergoa behar-beharrezkoak zirela konpromiso horrek bidea egingo bazuen.
Horixe izan da gaur goizean “Genero-ikuspegia duten aurrekontuak: gobernu-konpromisoa” jardunaldian partekatu den gaietako bat. Jardunaldia zuzendu zaie hainbat sail, organismo eta entitate publikotan aurrekontuak egiteko ardura duten kargudunei.
Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak, grabatutako hitzaldi batekin, eman dio hasiera jardunaldiari, eta gogorarazi du legealdi honetako leloak, “Ongizatean Hazi”, argi islatzen duela “pertsonak daudela politika publikoen erdigunean. Eusko Jaurlaritzak dedikazio handiz lan egiten du gizarte justuagoa eta berdintasunezkoagoa eraikitzeko”.
Ildo horretan, duela gutxi onartutako estrategiaren garrantzia nabarmendu du. Estatuaren estrategia aitzindarien artean dago, eta erreferentea da autonomia-erkidegoen artean. “Estrategia horrek Berdintasunerako Legean ezarritakoa betetzen du eta Gobernu Programan geure gain hartutako konpromisoei erantzuten die”, aditzera eman du d’Anjou sailburuak.
Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak ere konpromiso publiko hori nabarmendu du. Aitortu du “jarduera publikoan generoaren zeharkakotasuna sartzea dela Emakunderen eta gobernu honen kezka nagusietako bat. Zeharkakotasun hori bultzatzea da gure helburu nagusietako bat”.
Haren iritziz, ikuspegi kritikoz aztertu behar dira egitura ekonomikoak, gastu publikoaren banaketa, diru-bilketako sistemak edo aurrekontu-politikak, “ezin baitugu ahaztu, gure gizartean, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasun-egoera iraunkorra dela abiapuntua”.
Elgarrestak, egungo egoera testuinguruan kokatze aldera, Emakundek arlo horretan bultzatutako ekimen pilotuak gogorarazi ditu, eta adierazi du 1999tik 2000ra bitartean garatutako hasierako esperientziak ezarri zituela gerora garatu den lanerako oinarriak.
Yolanda Jubeto Ruiz EHUko doktore eta irakasleak adierazi duenez, genero-ikuspegia duten aurrekontuen helburuen artean dago aztertzea aurrekontuaren gastuek eta diru-sarrerek emakumeen eta gizonen bizi-baldintzetan dauden desberdintasunak murrizten, handitzen edo mantentzen dituzten, baita politika publikoen eraldaketa bultzatzea ere, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunen azterketa abiapuntu izanik.
Jose Enrique Corchón Finantza eta Aurrekontuetako sailburuordeak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritza zeregin horretan lan egiten ari da, abian dituen ekintzen bidez: “onartutako estrategiaren Koordinazio eta Jarraipen Batzordea sortu da, eta batzorde horri euskarria emango dion Talde Teknikoa osatu da”. Aditzera eman du, halaber, genero-ikuspegia zenbait fasetan txertatuko dela.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)