- Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak bi deialdi berri sustatu ditu ikertzaileen nazioartekotzea indartzeko
Eusko Jaurlaritzak bi deialdi berri onartu ditu gaur, Gobernu Kontseiluan, ikertzaileen, doktoreen zein doktoratu aurrekoen, mugikortasuna eta prestakuntza sustatzeko. Guztira, 665.000 euroko aurrekontua dute bi deialdiek.
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak sustatutako ekimen horien bidez, I+G+Bko euskal sistemaren gaitasun zientifikoak eta teknologikoak indartu nahi dira, ikerketaren nazioartekotzea erraztu eta ikerketa-karreraren etapa guztietan bikaintasuna sendotu.
Lehenengo deialdia, Egonlabur izenekoa, Ikertzaileak Prestatzeko Doktoratu Aurreko Programa aplikatzen den zentroez bestekoetan egonaldiak egiteko laguntzena da. Deialdi honek 465.000 euro bideratzen ditu trebatzen ari diren ikertzaileen nazioarteko prestakuntza indartzera. Helburua da doktoregoko ikasleen ikaskuntza teorikoa eta praktikoa osatzea, gaitasun zientifikoak eta pertsonalak garatzen laguntzea, eta doktorego-tituluan nazioarteko aipamena lortzea erraztea.
Sailak berak emandako doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko doktoratu aurreko programaren onuradunek bakarrik eskatu ahal izango dituzte laguntza horiek, eta kanpoan geratuko dira aurreko deialdietan egonaldi bat izan dutenak. Egonaldiak unibertsitate, ikerketa-zentro edo I+G+b arloan diharduten atzerriko enpresetan egin beharko dira, lau eta sei hilabete bitarteko iraupenarekin.
Ikermugikortasuna izeneko bigarren deialdia Ikertzaile Doktoreen Mugikortasun Programari dagokio. Honek 200.000 euroko aurrekontua du eta bi eta sei hilabete arteko egonaldiak sustatzea du helburu, estatuko eta nazioarteko unibertsitateetan eta ikerketa-zentroetan. Laguntza hauek unibertsitateko irakasleei eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean integratuta dauden erakunde eta zentroetako ikertzaileei zuzenduta daude: unibertsitateetakoei, Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa Zentroetakoei (BERC), Ikerketa Kooperatiboko Zentroetakoei (CIC), teknologia-zentro eta osasun-ikerketako zentroetakoei (CIS).
Programa honek bi modalitate ditu: bata, ikertzaile seniorrentzat, iraunkorrentzat, eta bestea, profesional gisa finkatzeko bidean dauden langile juniorrentzat, hala nola, Ikerbasque Research Fellow, Ramón y Cajal, Juan de la Cierva edo Miguel Servet programetan parte hartzen duenentzat eta irakasle laguntzaile doktoreentzat edo laguntzaileentzat. Egonaldietan, ikertzaileak talde hartzailearen ikerketa-lerroetan integratu beharko dira, edo goi-mailako lankidetza zientifikoak sustatzen dituzten proiektuetan parte hartu beharko dute.
Deialdi bi horien bidez, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak indartu egiten du Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemaren nazioartekotzearekin duen konpromisoa, eta talentu ikertzailearen mugikortasuna eta trebakuntza bultzatzen ditu, funtsezko zutabe gisa.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)