- Ertzaintzak gauzatutako prebentzio-dispositiboak segurtasun-baldintzak eta arriskuen prebentzioa zainduko ditu urte amaierako kotiloietan.
Abenduaren 29an eta 30ean, Ertzaintzaren Joko eta Ikuskizun Unitateak, Segurtasun Saileko Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak eskatuta, ikuskapenak egingo ditu Euskadiko diskoteketan eta gaueko aisialdirako aretoetan, Gabon Zaharreko ohiko ospakizun bereziei begira. Dispositibo horren helburua da bertaratzen direnen segurtasuna eta leku horietan ikuskizun publikoen arloan indarrean dagoen araudia betetzen dela bermatzea.
Testuinguru horretan, Ertzaintza arduratzen da 700 pertsonatik gorako aforo baimendua duten aretoetan ikuskapenak egiteaz, guztira 8 dira Euskadin (2 Araban, 4 Bizkaian eta 2 Gipuzkoan). 700 pertsonako edo hortik beherako edukiera duten establezimenduetako ikuskapenen ardura, aldiz, udal bakoitzarena da, ikuskizun publikoen eta jolas-jardueren arloan dituzten eskumenak gauzatuz.
Aldez aurreko frogaketak
Aldez aurreko jarduketa horiek, batez ere, lokalaren segurtasun-baldintzak egiaztatzean eta jarduera emandako lizentziara egokitzen dela ziurtatzean oinarritzen dira. Ikuskapenetan, Ertzaintzako agenteek, establezimenduetako arduradunek lagunduta, egiaztatzen dituzte ebakuazio-bideak eta horien seinaleztapen eta funtzionamendu egokia; suteen aurkako babes-sistemen erabilgarritasuna eta egoera, horien seinaleztapena eta dagozkien azterketen indarraldia; eta eskatutako osasun-dotazioa.
Era berean, lokalaren ohiko konfigurazioa urte zaharreko dekorazio berezia instalatuta aldatu ote den, pirotekniaren erabilera, arropazaindegiaren kudeaketa (bertaratuen kopurua kontuan hartuta) eta lokalaren jardueraren garapen normala alda dezaketen beste hainbat alderdi ere zaintzen dituzte.
Lokalaren Autobabes Plana indarrean dagoela eta diskotekako langileen artean duen ezarpena ere egiaztatzen da, bai eta sarrerako langileen eta kontratatutako segurtasun pribatuko zerbitzuen gaikuntza ere.
Aforoen kontrola
Bestalde, baimendutako gehieneko aforoa kontrolatzea funtsezkoa da horrelako establezimenduetan jende asko pilatzen den gau batean arriskuak prebenitzeko eta arrisku-egoerak saihesteko. Hori dela eta, Ertzaintzaren Joko eta Ikuskizun Unitateko agenteak lokal horietara joango dira urte amaierako gauean bertan, lokalaren jarduera hasi ondoren, ikuskapenak in situ egitera, eta bereziki kontrolatuko dituzte aforoak, adingabeak sartzen diren, ordutegiak eta lokalak husteko unea.
Aldi berean, ertzain-etxeetako herritarren babeserako baliabideek prebentzio-lanak egingo dituzte diskoteka eta dantzaleku horien inguruetan.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)