-
Zaparradekin batera txingorra, haize-bolada zakarrak edo oso zakarrak eta tximista ugari izan daitezke
Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatuko du gaur, ostirala, 18:00etatik 24:00etara, prezipitazio handiengatik, EAEko barnealderako eta, ordu-tarte berean eta arrazoi beragatik, abisu horia kostalderako. Aurreikuspenen arabera zaparrada oso handiak eta trumoitsuak bota ditzake, tximista askorekin, eta txingorra ere egin lezake. Prezipitazioen intentsitatea oso handia izan liteke (30 l/m²-tik gora ordubetean), eta haize-boladak 60 eta 100 km/h artekoak izan daitezke.
Halaber, Eusko Jaurlaritzak abisu horia aktibatuko du bihar, larunbata, 15:00etatik 21:00etara, prezipitazio handiengatik, Araban, probabilitateen arabera ordubetean 15 l/m²-ak gainditu bailitezke. Kasu horretan, iragarpenaren arabera, zaparrada moderatuak eta trumoitsuak bota ditzake, eta txingorra ere egin dezake.
Egoera horren aurrean, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak honako gomendioak egiten ditu:
- Bertan behera utzi mendi-irteerak eta aire zabaleko txangoak
- Ez aparkatu ibilgailurik eta ez kanpatu ur-ibilgu lehorretan, ezta ibai-ertzetan ere, ur-goraldi batek edo uholde batek ustekabean harrapa ez zaitzan.
- Kendu ibilgailuak ur-putzuak sor litezkeen guneetatik, baita uholde-arriskua izan dezaketen garajeetatik ere.
- Saihestu autoz zirkulatzea.
- Bidaiatu behar baduzu, ahal dela errepide nagusietatik eta autobideetatik bidaiatu, eta ikusmen-arazoak badaude, gelditu ibilgailua leku seguru batean.
- Kendu urak herrestan eraman ditzakeen objektuak, batez ere kutsadura eragin dezaketen produktu arriskutsuak.
- Aztertu inguruko isurbideen egoera.
Larrialdi kasuan hartu beharreko neurriak:
- Ibaietatik, uharretatik, zubietatik eta uholde-arriskua duten zonetatik urrundu. Ez zeharkatu urpean dagoen zonarik –ez oinez, ez autoz–, uraren indarrak eraman zaitzake-eta. Uraren ondorioz autoa errepidean geldituta geratzen bada, itzali argiak eta aldendu.
- Era berean, mendi-mazelen eta muinoen behealdetik urrundu, ur-erauntsiak eta harri- eta lur-jauziak gerta baitaitezke eremu horietan.
- Uholdea etxebizitzaraino iristen bada, lehenbailehen irten sotoetatik eta beheko solairuetatik.
- Etxebizitzatik irtenez gero, elektrizitatea deskonektatu, eta gasa eta ura itxi. Era berean, ostatua non hartuko duzun jakinarazteko oharra utzi.
- punturik garaienetara joaten saiatu, eta urpean gera daitezkeen zonak saihestu.
- Eguraldiaren iragarpenei eta egoerari buruz etengabe informatuta egon, irratiaren edo beste hedabide batzuen bidez.
- Kendu loreontziak, olanak eta haizeak eraman ditzakeen material guztiak.
Ekaitzak batez ere eremu irekian sortzen du arriskua pertsonentzat, eta, beraz, landan ekaitzak eragindako arrisku-egoera baten aurrean:
Alde egin mendixka eta muino gainetatik.
- Ez babestu zuhaitz bakartien azpian.
- Aldendu alanbre-hesietatik, burdin-hesietatik eta metalezko edozein objektutatik. Ez ukitu metalezko objekturik.
- Tximisten arriskua somatzen baduzu, jar zaitez pikotxean, oinak elkartuta, besoak belaunen gainean gurutzatuta eta burua besoen artean duzula.
- Bizikletan bazabiltza, utzi eta urrundu.
- Ekaitzak arrantzan harrapatzen bazaitu, utzi berehala kanabera.
- Golfean jokatzen ari bazara, urrundu makiletatik.
- Ekaitzak igerilekuan, errekan edo hondartzan bainatzen harrapatzen bazaitu, irten berehala uretatik.
- Ez bilatu babeslekurik eraikin ezegonkorretan, aletegietan, hangarretan, estalpetan edo kanpin-dendetan.
Gidatzen bazoaz eta ekaitzak harrapatzen bazaitu, gogoan izan itxita dagoen ibilgailua babesleku ona izan daitekeela. Edonola ere, abiadura moteldu, adi egon eta ez geratu ur asko pasa litekeen leku batean.
Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmeten webgunearen bidez (http://www.euskalmet.eus) eta X sare sozialeko kontuen bidez (@Euskalmet eta @112_SOSDeiak).
Larrialdiren bat izanez gero, deitu 112ra.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)