- Legealdiko lehen urtean, Jaurlaritzaren konbergentzia teknologikorako EJIEren eta Itelazpiren plan estrategiko berriak egin dira, Administrazioan Adimen Artifiziala erabiltzeari ekin zaio administrazioan, zerbitzuak arindu eta hobetzeko, eta NIK Patrika Digitalaren walletean eskura dauden zerbitzuak indartu dira
- Uda ostean, sektore publikorako Adimen Artifizialeko Estrategia, Datuen Gobernantza-Estrategia eta Administrazioaren Eraldaketa Digitalerako Estrategia aurkeztuko dira, teknologia berrien eskutik zerbitzu publikoak indartu, hobetu eta administrazioa arintzeko helburuarekin
Gizartearen eraldaketa digitalean erabat murgilduta gauden honetan, ezinbestekoa da administrazioa XXI. mendeko behar eta eskaeretara egokitzea. Ildo horretatik, teknologia berrien erabilera herritarren zerbitzura jartzea eta administrazio arinago, modernoago eta digitalagoa bultzatzea izan da Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailaren legegintzaldiko lehen urte honetako zeregin eta helburu nagusietako bat. Betiere, pertsonak ardatz hartuta eta helburu bakar batekin: administrazioa sinplifikatzea eta zerbitzu publikoak hobetu eta indartzea, herritarren egunerokoa errazteko.
Zerbitzu eskuragarriagoak, arinagoak eta eraginkorragoak
Eusko Jaurlaritzak Adimen Artifiziala zerbitzu publikoetan erabiltzeari ekin dio eta Adimen Artifizialeko algoritmoen erregistroa argitaratu du. Horrek Euskadi abangoardian kokatu du sektore publikoan Adimen Artifizialaren erregulazioari eta gardentasunari dagokionean.
Erabakiak hartzen laguntzeko, informazioa ebaluatzeko edo arreta emateko AA sistemak txertatu dira osasun, etxebizitza edota hezkuntza alorretan, baita herritarren arreta zerbitzuan ere. Adimen Artifizialaren erabilerak barne-prozesuak sinplifikatzea ahalbidetu du, eskainitako zerbitzuak edo herritarren arreta hobetuz.
NIK Patrika Digitala walletean ere aurrera egin da lehen urte honetan, udalerri gehiago batu baitira zerbitzura, 15 udalerri zehazki, eta BGAEei buruzko informazioa ere txertatu baita APPan.
NIK aplikazioari esker, erabiltzaileek hainbat administrazio edo zerbitzu publikotako txartelak dituzte mugikorrean eskuragarri modu seguruan BakQ identifikazioari esker (osasun-txartela, kiroldegiko txartela, liburutegikoa, Gaztetxartela...), eta, gainera, BGAE bat dutenek, datu ekonomikoak kontsultatu edo pentsioa simulatu dezakete.
NIK Patrika Digitalaren erabilerak gora egiten jarraitzen du: 14.000 pertsonak erabiltzen dute astero, 140.000 pertsonak hilean eta 340.000 pertsona baino gehiagok deskargatu dute Osakidetzako txartel digitala (osasun-txartela).
Era berean, EJIEren, Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartearen, eta Itelazpiren, Eusko Jaurlaritzaren Telekomunikazio Azpiegituren Sozietate Publikoaren, plan estrategiko berriak egin dira, Jaurlaritzaren konbergentzia teknologikorako, zerbitzu eraginkorragoak, seguruagoak eta eskuragarriagoak eskaintzeko helburuarekin, pertsonen bizi-kalitatea hobetze aldera.
Administrazioaren eraldaketa digitala
Administrazioa egungo eta etorkizuneko beharretara egokitzeko eta gertatzen ari diren aldaketen eta eraldaketen aurrean lidergoa izateko, Eusko Jaurlaritza Administrazioaren Eraldaketa Digitalerako hainbat estrategia lantzen hasita dago.
Uda ostean, batetik, Adimen Artifizialeko Estrategia aurkeztuko da, eta Datuen Gobernantza-Estrategia, bestetik. Adimen Artifizialeko Estrategiak zehaztuko du zein AA politika txertatu sektore publikoan, zerbitzu konbergenteak eta AAren estandar teknologikoak definituz. Datuen Gobernantzaren Estrategiak, berriz, Datuen Estrategia eta Datuen Bulegoaren lana indartu eta babestuko ditu. Bi ekimenen helburua da, Adimen Artifizialaren eta datuen erabileraren eskutik, zerbitzu publikoak hobetu, prozesuak arindu eta neurrira egindako zerbitzuak diseinatzea.
Urratsak egin dira, baita ere, herritarren karpeta bakarra eraikitzeko prozesuan. Egitasmo hori Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako administrazioekin batera (Aldundiak eta udalak) gauzatzen ari da Jaurlaritza. Gune bateratu eta bakar horrek aukera emango die herritarrei espazio bakar batean mota desberdinetako izapideak egiteko.
2025.urteko azken hiruhilekoan sektore publiko osoaren Eraldaketa Digitalerako Estrategia aurkeztuko da, zerbitzu publiko arinago eta eraginkorragoen alde. Estrategia honen bidez ere, langile publikoak alor digitalean gaitu nahi dira, beren lana errazteko, eta azken batean, Euskadin bizi diren herritarrei eskainitako zerbitzua hobetzeko.
Beraz, ekimen horiek guztiek Eusko Jaurlaritzaren gaitasun digitaletan inbertitzearen aldeko apustua berresten dute, zerbitzu publikoak berritu, hobetu eta indartzeko eta arreta-eredu pertsonalizatuago eta integralagoaren alde urratsak egiteko helburuarekin.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)