Eusko Jaurlaritzak adimen gaitasun handiko ikasleen arreta indartuko du Zur-Ekin programaren edizio berri batekin

Argitalpen-data: 

Hezkuntza Sailak eta Deustuko Unibertsitateak lankidetza berritu dute, DBHko eta Batxilergoko ikasleei mentoria espezializatuak eskaintzeko.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ZUR-EKIN mentoretza programaren hirugarren edizioa jarriko du martxan 2025-2026 ikasturtean, Deustuko Unibertsitatearekin lankidetzan. Edizio berri honekin, Eusko Jaurlaritzak adimen gaitasun handiko ikasleei ematen zaien hezkuntza-arreta indartu nahi du, inor atzean gera ez dadin eta ikasle bakoitzak behar duen laguntza jaso dezan.

Programa DBHko 3. eta 4. mailako eta Batxilergoko 1. mailako gaitasun handiko ikasleei zuzenduta dago, eta haien garapen integrala —akademikoa eta pertsonala— laguntzea du helburu, haien talentua indartuz eta haien beharretara egokitutako orientazioa eta laguntza eskainiz.

ZUR-EKIN Eusko Jaurlaritzaren Adimen Gaitasun Handiko Ikasleei Hezkuntza-Arreta Emateko Planaren barruan dago. Plan horren barruan, Euskadik identifikazio-, erantzun- eta laguntza-eredu propioa garatu du. 2022-2023 ikasturtean egin zen lehen baheketa sistematikoa, eta % 3,1eko prebalentzia izan zuen. Zifra hori bat dator UNESCOk, OMEk eta Haur Supergaituen Mundu Kontseiluak ezarritako nazioarteko estandarrekin. Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak adierazi duenez, “ZUR-EKIN funtsezko tresna da Plan honen barruan, aukera ematen duelako ikasle horien talentua hezkuntza-ibilbideko etapa gakoetan laguntzeko, beren premietara egokitutako orientazio eta laguntzarekin”.

ZUR-EKIN hezkuntza-mentoretzen eredu batean oinarritzen da, eta komunitate zientifikoak bermatzen du neurri hori bereziki eraginkorra dela ikasle horien potentziala garatzeko. Programa honen bidez, parte hartzen duten ikasleek laguntza jasotzen dute funtsezko alderdi batzuetan, hala nola garapen emozionalean, lanbide- eta bokazio-orientazioan eta beren interes-eremuen eta profil intelektualen aurkikuntzan.

Hirugarren edizio honetan, ikasleen interes akademiko eta profesionalekin lotutako hainbat ezagutza-arlo jorratuko ditu programak, hala nola abokatutza, matematika, ekintzailetza, psikologia, berrikuntza, fisikaren eta musikaren arteko harremana, ekonomia eta enpresa, eta 3D-ko produktuen diseinua eta inprimaketa, besteak beste. Askotariko esparru horiei esker, ikasleek beren interesak azter ditzakete, aukerak zabal ditzakete eta beren gaitasunak etorkizuneko ibilbideekin konekta ditzakete.

Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileek emango dituzte mentoretzak, eta ikasleei lagunduko diete tailer monografikoen bidez, ikaskuntza kolaboratiboa eta parte-hartzaileen arteko trukea bultzatuz. Horren harira, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak gaineratu duenez, “ZUR-EKINek mentoriarako, orientaziorako eta antzeko kezka eta interesak dituzten beste gazte batzuekin elkartzeko guneak eskaintzen dizkie ikasleei, eta hori bereziki baliagarria da haien ongizaterako eta etorkizunari buruzko erabakiak hartzeko”.

Programaren aurkezpena otsailaren 4an izango da, Deustuko Unibertsitatean. Izena emateko epea zabalik egongo da urtarrilaren 12ko 10:00etatik urtarrilaren 23ko 19:00ak arte, eta onarpena izen-ematearen ordenaren arabera egingo da, dauden plazak bete arte. ZUR-EKIN formularioaren bidez eman behar da izena.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)