Eusko Jaurlaritzak, Adifek eta Astigarragako Udalak Gipuzkoako udalerrian tren-geltoki berria eraikitzeko hitzarmenak sinatu dituzte

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak, Adifek eta Astigarragako Udalak astelehen honetan sinatu dute Astigarragako tren-geltoki berria Euskal Trenbide Sarearen bidez eraikitzeko kudeaketa-enkargua eta pasabidea finantzatzeko hitzarmena. Pasabideak Gipuzkoako udalerriarekin lotuko du tren-azpiegitura berria, eta Donostiako Aldiriko Trenen gunera (Irun-Brinkola) sartzeko aukera emango dio. Gaur egun, ordea, ez du loturarik. 

Bertan izan dira Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburua, Jose Antonio Santano Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Estatu idazkaria, Xabier Urdangarin udalerriko alkatea eta Pedro Marco Adifeko presidentea. García Chuecak erakunde guztien artean lortutako akordioa nabarmendu du, izan ere, “erakundeen arteko lankidetzari esker, Astigarragak mugikortasun jasangarriaren alde egiteko beste aukera bat izango du eta trenarekin modu moderno eta funtzionalean konektatuko da”. 

Euskal Trenbide Sareak lizitaziora atera ditu ekainean eraikitzeko lanak. Eraikina angeluzuzena izango da, solairu bakarrekoa, nasen eta trenbideen gainean egongo da, eta 420 m²-ko ataria izango du, erabiltzaileentzako zerbitzuak bertan jartzeko. Beheko aldean, geltokiak bi nasa izango ditu alboetan, 160 metrokoak, eta eskailera finkoen eta igogailuen bidez lotuko dira atariarekin. 

Geltoki berrira oinezko eta bizikletentzako pasabidetik bakarrik sartu ahal izango da. Pasabide horrek Donostiako eta Astigarragako udalerriak lotuko ditu, trenbideak eta Urumea ibaiak banatuta. Pasabide honek 306 metroko luzera eta 4,5 metroko zabalera izango du. Sailburuak nabarmendu duenez, pasabidea, geltokirako sarbidea izateaz gain, “bide publiko bihurtuko da eta Donostiako eta Astigarragako udalerriak lotuko ditu Urumearen ertz batetik bestera”. 

Inbertsio osoa 15 milioi eurotik gorakoa izango da. Adifek ordainduko du geltokia; Eusko Jaurlaritzak, berriz, 2,6 milioi euro jarriko ditu eraikin berrira sartzeko plataforma eraikitzeko —Adifek 1,2 milioi emango dizkio pasabideari—, eta Astigarragako Udalak bere titulartasunekoak diren eta pasabidea eraikitzeko beharrezkoak diren lurzoruak jarriko ditu, eta haren mantentze-lanak bere gain hartuko ditu. 

García Chuecak adierazi duenez, “ETSren gaitasun teknikoa nahikoa egiaztatuta dago egikaritzen ari den jarduketekin, horietako bat udalerri honetan bertan: tirante-biaduktua. Estatu mailako abiadura handiko sarean ezaugarri bakarrak ditu eta gure Sailak dagoeneko amaitu duen Euskal Y-aren Gipuzkoako adarraren plataformaren parte da”. Sailburuak gogorarazi duenez, “etorkizunean, Loiolako Erriberako aldageltokiari esker, Astigarragako herritarrak trenez joan ahal izango dira, ez bakarrik probintziaren iparralderantz edo hegoalderantz, baita Gipuzkoa ekialdetik mendebaldera zeharkatzen duen Euskotren sareko edozein puntutara ere”.