Eusko Jaurlaritzak Atenasko AAA Issuer & Investor Summit lehen mailako jaulkitzaileen goi-bilera finantzarioan parte hartu du gaur, Euskadiko Bonu Jasangarriaren ibilbidea aurkeztera eta politika publikoetarako finantzaketa jasangarria lortzearen aldeko apustua aurkeztera gonbidatuta. Garrantzi berezia duen topaketa da, Eusko Jaurlaritzak Finantzen Euskal Instituturako (FEI) 1.000 milioi euroko zuzkidura gehigarria prestatzen ari den bezperan egiten baita —zuzkidura gehigarri hori Euskal Finantza Aliantzaren barruan biltzen da—.
Ekimen horri martxoaren 3an eman zitzaion hasiera, bederatzi erakunderekin batera protokolo bat sinatu zenean Imanol Pradales lehendakaria buru izan zuen ekitaldi batean. Jose Enrique Corchón Ogasun eta Aurrekontuko sailburuordeak eta Arantza Larrauri Finantza Politikako eta Gizarte Aurreikuspeneko zuzendariak ekimen horren berri eman dute Atenasen.
Euskal Finantza Aliantzaren ekimen hori Eusko Jaurlaritzak sustatu du, lankidetza publiko-pribatuaren bidez herrialdeko ekonomia eta industria indartzeko helburuarekin. Inbertitzaileei emandako azalpenetan aditzera eman denez, 2024an aurkeztutako Letta txostenak nabarmendu zuen Europar Batasunean integrazio eta lankidetza handiagoaren premia zegoela, lehiakortasuna, berrikuntza eta jasangarritasuna gisako erronkei hel dakien. Testuinguru horretan, “Euskal Finantza Aliantza da Eusko Jaurlaritzak erronka global horiei ematen dien erantzuna, Europako esparruan finantzaketa- eta inbertsio-aukerak balia daitezen eta Euskal Autonomia Erkidegoan hazkunde ekonomikoa eta lehiakortasuna bultza dadin”.
Finantzaren arloko goi-bilera horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkaritzak 2018an hasitako bonu jasangarri bidezko zor publikoko jaulkipenen prozesua zehaztu du, eta adierazi du, bederatzi jaulkipenen ondoren, 2025ean, 5.700 milioi eurora iritsi dela bonu jasangarrietan.
Era berean, Euskadiko datu sozioekonomikoen eta rating bikainen berri eman da, datu eta rating horiek ahalbidetzen baitute bonuen jaulkipen bakoitzean merkaturatze arrakastatsua lortzea. 2025eko jaulkipenean eskaria eskaintza baino zortzi aldiz handiagoa izan da, eta horrek islatzen du Eusko Jaurlaritzak bonu jasangarrien merkatuaren garapenean zeregin garrantzitsua betetzeko asmo irmoarekin jarraitzen duela, eta finantzaketa arduratsua eta eraginkorra sustatzen duela aurre egin beharreko ingurumen, ekonomia eta gizartearen arloko erronkei hel dakien.
Goi-bilera horretan parte hartzeak aukera ematen dio Eusko Jaurlaritzari inbertitzaileen nazioartekotzearen aldeko apustuari eusteko, bonu jasangarriko jaulkipen bakoitzean garrantzi handia izan baitu. Izatez, joan den otsailean egindako azken jaulkipenaren % 69 nazioarteko inbertitzaileen esku geratu zen —Alemania izan zen lehen herrialde inbertitzailea, eta, ondoren, Erresuma Batua, Portugal, Luxenburgo, Belgika eta Frantzia—, % 24,3 Estatuko inbertitzaileen esku geratu zen eta % 6,7 Euskadiko inbertitzaileen esku.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)