Gobernu Kontseiluak ikus-entzunezko ekoizpena sustatzeko dirulaguntzen deialdiari argi berdea eman dio gaur: film luzeak, film laburrak eta serieak. Hala, Eusko Jaurlaritzak 8.828.000 euro bideratuko ditu deialdi honetara, aurreko ekitaldian baino 1,5 milioi euro gehiago.
Hazkunde hau Kultura 2028 Plan Estrategikoan jasotako Euskadiko talentu sortzailearekiko gobernuaren konpromisoaren ondorio da. Hala, ikus-entzunezko ekoizpena (film luzeak eta laburrak) sustatzeko laguntzen bi modalitateak handitu egin dira aurten ere. Era berean, iazko ildo berari eutsi zaio eta nazioarteko bokazio argia eta berritzailea duten euskarazko serieen sorkuntza sustatzeko modalitate berria mantendu da deialdian.
Hauek dira diruz lagunduko diren modalitateak:
Film luzeen produkziorako laguntzak: 5.400.000 euro bideratuko dira honako proiektu motak finantzatzera:
- Zinemarako fikziozko film luzeak: 3.200.000 euroko aurrekontua erabiliko da 70 minutu edo gehiago dituzten eta merkataritza-ustiapenerako diren fikziozko ikus-entzunezko obrak diruz laguntzeko. Euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan filmatutako proiektuen arteko aurrekontu-banaketa bermatuko da, eta gutxienez 1.700.000 euro gordeko dira jatorriz euskaraz filmatu eta dirulaguntza lortzeko nahikoa puntuazio lortu duten proiektuetarako.
- Zinemarako animaziozko film luzeak: modalitate honetako dirulaguntza kopurua 1.500.000 eurokoa da, 70 minutu edo gehiago dituzten eta merkataritza-ustiapenerako diren animaziozko ikus-entzunezko obrentzat. Euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan filmatutako proiektuen arteko aurrekontu-banaketa bermatuko da, eta gutxienez 800.000 euro gordeko dira jatorriz euskaraz filmatu eta dirulaguntza lortzeko nahikoa puntuazio lortu duten proiektuetarako.
- Sortze-dokumentaleko film luzeak: guztira 700.000 euro bideratuko dira edozein hizkuntzatan dauden sortze-dokumental luzeak laguntzeko. Gaia errealitatetik hartua izan behar da, eta, aldi berean, lanak originala izan behar du, gai jakin bati buruzko ikerketa edo analisiak egiten dituena, gutxienez ordubetekoa, komertziala, eta zinemarako eta/edo telebistarako egina. Euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan filmatutako proiektuen arteko aurrekontu-banaketa bermatuko da, eta gutxienez 350.000 euro gordeko dira jatorriz euskaraz filmatu eta dirulaguntza lortzeko nahikoa puntuazio lortu duten proiektuetarako.
Film laburren produkziorako laguntzak: edozein euskarritan eginda eta zinemarako diren film laburrak, 60 minutu baino gutxiagokoak, lagunduko dira diruz. Horretarako Gobernuak 428.000 euroko aurrekontua bideratuko du. Euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan filmatutako proiektuen arteko aurrekontu-banaketa bermatuko da, eta gutxienez 220.000 euro gordeko dira jatorriz euskaraz filmatu eta dirulaguntza lortzeko nahikoa puntuazio lortu duten proiektuetarako.
Euskarazko serieak ekoizteko laguntza. Euskarazko jatorrizko bertsioko ikus-entzunezko serieen lehen denboraldia kalitate handikoa eta nazioarteko bokazio argi eta berritzailekoa egiten lagunduko da, ikuspegi formal eta tekniko batetik. Hala, 3.000.000 euroko aurrekontua bideratuko du Gobernuak honetara.
2024ko deialdian guztira 29 proiektu lagundu ziren Gobernutik: 4 zinemarako fikziozko film-luze, 3 zinemarako animaziozko film-luze, 11 sortze-dokumentaleko film luze, 9 film labur eta 2 euskarazko serie.
2025 urteko deialdirako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)