- Negu honetan elurra kentzeko 215 makina, ibilgailu astunak erretiratzeko 7 garabi eta 130 laguntza-ibilgailu egongo dira izango dira
- Iazko neguan 3 aldiz aktibatu zen Neguko Bidezaintza Plana, aurreko urtean baino bi aldiz gutxiago
Eusko Jaurlaritzak 2025-2026ko Neguko Bidezaintza Plana aurkeztu du. Dokumentu hori egiteko eta garatzeko, hainbat erakundek eta autobideen emakidadunek modu koordinatuan parte hartzen dute, eta beraien baliabideak mobilizatzen dituzte, iragarpen meteorologikoen eta horiek Euskadiko errepideetan izan dezaketen eraginaren arabera.
Plan hau koordinazio-tresna bat da, eta jarraipen- eta informazio-fasean aktibatuko da elur-kota 1.000 metroko altueratik jaisten denean, eta fase operatiboan, kota 700 metrotik jaisten denean eta prezipitazio-kopuruak zirkulazioa zaildu dezakeenean.
2025-2026 Neguko Bidezaintza Planak iazko baliabide kopuru berari eusten dio. Horrela, foru-aldundien eta autobideen elurra kentzeko 215 makina izango dira prest, bai eta tona askotako ibilgailuak erretiratzeko puntu estrategikoetan kokatuko diren 7 garabi astun eta koordinazio- eta zaintza-lanetan laguntzeko beste 130 ibilgailu ere. Horiei Ertzaintzaren trafikoko lurralde-unitateetako patruilak batu behar zaizkie, eta patruila-kopurua ertzain-etxeetako baliabideekin indartu eta osatu ahal izango da. Planean aurreikusten da 2025-2026ko negurako 28.500 tona gatz eta 775.000 litro gatzun izatea.
Aurreko neguan, 3 aldiz aktibatu zen Neguko Bidezaintza Plana
Jarraipen- eta informazio-fasea 3 aldiz aktibatu zen iazko neguan (2024-2025), 2023-2024koan baino bi aldiz gutxiago. Fase operatiboa, berriz, hiru horietako 2 alditan aktibatu zen, eta 2022-2023ko neguan bi aldiz aktibatu zen. Orain arte inoiz erregistratu den aktibazio operatiboen kopururik txikiena izan zen. Nabarmentzekoa da 2017-2018 aldian 17 aktibazio erregistratu zirela, eta horietako 10etan fase operatiboa aktibatu behar izan zela.
|
Aktibazioak NBP |
2024-25 |
2023-24 |
2022-23 |
2021-22 |
2020-21 |
2019-20 |
2018-19 |
2017-18 |
|
Jarraipen fasea |
3 |
5 |
4 |
6 |
5 |
6 |
8 |
17 |
|
Fase operatiboa |
2 |
1 |
2 |
3 |
2 |
2 |
2 |
10 |
2024-2025 neguko denboraldian, azken urteetan Euskadin erregistratu diren neguko gertakarien kopuruak beheranzko joera duela baieztatu da. Izan ere, ez da beharrezkoa izan Neguko Bidezaintza Planaren Koordinazio Organoa deitzea aldi osoan; aldiz, 2017-18 kanpainan, adibidez, organo hori 5 aldiz bildu zen Krisi Mahaian.
Aholku praktikoak
Baldintza meteorologikoak txarrak direnean abiadura moteldu behar da eta tarte handiagoa utzi behar da aurrean doazen ibilgailuekin, zoru bustian distantzia handiagoa behar baita ibilgailua gelditzeko.
Funtsezkoa da pneumatikoak egoera onean egotea, pneumatiko higatuek ez baitute ura behar bezala husten eta istripua eragin dezakete. Neguko pneumatikoak jartzea gomendatzen da, zoruan ura, izotz zuria, izotza eta elurra dagoenean trakzio, frenatze-ahalmen eta kontrol hobea eskaintzeko diseinatuta baitaude. Neguko pneumatikoak jartzen ez badira, bidean elurra dagoenean behar-beharrezkoa da ibilgailuetan kateak eramatea eta jartzen jakitea zirkulatu ahal izateko.
Hotz handia egiten duen egunetan kontuz izotzarekin, ABS edo lau gurpileko trakzioa bezalako sistemek ere ez gaituzte libratzen irristatzeko arriskutik. Ezinbestekoa da, beraz, astiroago eta zuhurrago gidatzea.
Beira-garbigailuak dira zaindu beharreko beste elementuetako bat: baldintza onetan eduki behar dira beti, euria edo elurra ari duenean errepidea ongi ikusi ahal izateko.
Era berean, funtsezkoa da bat-batean ez frenatzea eta abiadura handian ez zirkulatzea. Leunki eta pixkanaka frenatzen ahalegindu behar da, gurpilak blokeatu ez daitezen eta ibilgailuaren kontrola gal ez dezagun. Horrelakoetan, frenoko pedala askatu beharko da trakzioa berreskuratzeko, eta motor-frenoa erabili frenoko pedalarekin txandakatuta.
Azkenik, elurrarekin abiatzean garrantzizkoa da pixkana egitea. Gurpilek irrist egiten badute, martxa handiagoa sartu beharko dugu gurpilei indar gutxiago aplikatzeko.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)