- Eusko Jaurlaritzak 2030 Agendarekiko daukan konpromisoa berretsi du, ‘Ahots Batuak’ GJH sustatuz, zeinak kultura- eta hizkuntza-aniztasuna gizartea eraldatzeko motortzat hartzen baititu
- Ekimen hau herritarrei hurbiltzeko, Jaurlaritzak hausnarketa eta parte-hartzea sustatzen dituen stand bat izango du Bilbao BBK Live jaialdian
Eusko Jaurlaritzak tinko eusten dio 2030 Agendarekin eta etorkizun bidezkoago eta inklusiboago bat eraikitzearekin duen konpromisoari. Zentzu horretan, ‘Ahots Batuak’ izeneko 18. Garapen Jasangarriaren Helburua sustatu du; ekimen aitzindari honek eraldaketa sozialaren erdigunean kokatzen du kultura- eta hizkuntza-aniztasuna. Ikuspegi hau herritarrei hurbiltzeko, Eusko Jaurlaritza Bilbao BBK jaialdian izango da, bere stand propioan, non gogoeta, elkartrukea eta parte-hartze aktiboa sustatuko baititu. Asier Aranbarri Berrikuntza Sozialaren eta 2030 Agendaren zuzendaria gune honen irekiera-ekitaldian izan da.
‘Ahots Batuak’ standa topaketarako, entzute aktiborako eta ekintza kolektiborako espazioa da. Asier Aranbarrik nabarmendu duenez, “gaur gune hau irekiko dugu: Ahots Batuak’, ideiak, ahotsak eta konpromisoak partekatzeko elkargunea. Eusko Jaurlaritzaren izenean gizarte gisa elkartzen gaituzten erronka horietara hurbiltzera, partekatzera eta aktiboki parte hartzera gonbidatzen zaituztegu”.
Standean kanpoko barra bat dago, zeinak informazio puntu gisa eta herritarrekiko harreman zuzen gisa funtzionatzen baitu. Gune honetan material dibulgatzaileak eskaintzen dira, 18. GJH zertan datzan azaltzeko, eta 2030 Agendaren barruan Eusko Jaurlaritza lantzen ari den ekintzak ezagutzera emateko. Standaren barruan aulkiz betetako topagune bat prestatu da, non hainbat ekintza eskainiko baitira, hurbiltzen diren herritarrek parte har dezaten.
Jardueren artean, Helburu Match nabarmentzen da, “speed meeting” formatuko dinamika arina, zeinak pertsonen arteko aurkezpen laburrak bideratzen baititu, Garapen Jasangarriko Helburuen inguruko elkar ezagutza sustatuz. Era berean, Liburu Biziduna delakoa ere eskainiko da. Giza liburutegi horretan pertsonak dira liburuak, eta historiak bihotzaren bidez irakurtzen dira. Arratsaldero, 18:00etatik 19:00etara, hiru pertsonak beren bizitza kontakizuna partekatuko dute, elkarrizketarako antolatutako gune lasai batean. Hezur-haragizko norbanakoen lekukotza errealak izango dira, pertsona migratzaileenak, ekintzaileenak edo beste kultura edo hizkuntza batzuetako ordezkarienak, nor bere esperientziatik, horrela, aniztasunarekiko begirada ireki eta enpatiaduna lantzeko. Era berean, standaren barruan Munduan Zehar delakoa bisitatu ahalko da, alegia, kulturak, jatorriak eta bizi-ibilbideak lotzen dituzten hariak jaso nahi dituen mapa handi bat, elkarren arteko loturak dauzkan munduaren aberastasuna erakustea helburu.
Eusko Jaurlaritzaren proposamena Bilbao BBK Live jaialdiko kanpinera iritsiko da, non jarduera berezi bat eskainiko baita 18. GJHren mezua eta kultura- eta hizkuntza-aniztasuna indartzeko.
Bilbao BBK Live jaialdiraino hurbilduta, Eusko Jaurlaritzak munduarekin konektatuta dagoen Euskadi anitz eta inklusibo baten aldeko apustua berresten du. Ahots desberdinak batzeko gonbidapena da ‘Ahots Batuak’ ekimena, betiere garapen jasangarriaren bidetik, hau da, hizkuntzak eta kulturak guztion etorkizunaren oinarrizko osagaitzat hartuz.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)