Eusko Jaurlaritzak 16 zuzkidura-bizitoki eraikiko ditu Azpeitiko alde zaharrean, Udalak eta Azpeitia Berritzen SA udal-sozietateak lurzorua doan lagatzearen ondorioz

Argitalpen-data: 

Alzado_del_proyecto_de_Azpeitia.JPG
  • Operazioak 3,5 milioi euro inguruko inbertsioa izango du eta, hala, udalerriko alokairuko parke publikoa handituko da

Azpeitiko Udalak eta Azpeitia Berritzen SA udal-sozietateak adostu dute Eusko Jaurlaritzari doan lagatzea 288 metro koadroko partzela bat, udalerriko 1. “Alde Zaharra” hirigintza-esparruan alokairuko babes sozialeko 16 etxebizitza eraikitzeko. Elizkaleko 18, 20, 22 eta 24 zenbakiak izango dira, eta 3,5 milioi euro inguruko inbertsioa egingo da.

Operazioa Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren, Azpeitiko Udalaren eta Azpeitia Berritzen SAren arteko hitzarmenaren bidez egituratzen da, eta Gobernu Kontseiluak astearte honetan baimendu du. Akordio horren bidez, udal-sozietateak partzela bakarrean bilduko ditu dauden lau finkak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari doan lagako dizkio, alokairuko etxebizitza sozialak sustatzeko.

Proiektuaren arabera, 16 etxebizitza sozial eta trastelekuak izango dituen eraikin bakarra eraikiko da hirigune historikoko hiri-lurzoru finkatuan. Udalak dagoeneko eraitsi ditu Elizkaleko 22. eta 24. zenbakietan dauden eraikinak, eta oinarrizko proiektua idaztea bultzatu du, baita dagokion obra-lizentzia lortzea ere. Horrela, hitzarmena izapidetzen den bitartean jardueraren definizio teknikoak aurrera egin ahalko du, eta epe administratiboak laburtu eta obren hasiera erraztuko da.

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritza eta Udala koordinatuta ari dira lanean bi administrazioek aldi berean aurrera egin dezaten: Udalak, aurretiko lanak garatuta, eta Eusko Jaurlaritzak, lurzoruaren lagapenaren onarpena eta ondorengo obren kontratazioa eta exekuzioa bideratuta. Lagapena formalizatu ondoren, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak bere gain hartuko du 18. eta 20. zenbakietako eraikinak eraistea eta sustapena erabat egikaritzea, gehienez ere hiru urteko epean obrak amaitzeko.

Miguel de los Toyos Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuordeak horrelako jarduketek udalerri ertain eta txikietan duten garrantzia azpimarratu du. “Horrelako operazioak, etxebizitza kopuruak apala badirudi ere, funtsezkoak dira Azpeitia bezalako herrientzat. Sustapen bakoitza da beharrezkoa alokairuko parke publikoa handitzeaz eta etxebizitza-behar errealei erantzuteaz ari garenean”.

De los Toyosek, gainera, proiektu hau aurrera eramateko erakundeen arteko lankidetzaren balioa nabarmendu du. “Udalak eta udal-sozietateak lurzorua doan lagatzeak erakusten du administrazioen arteko lankidetza etxebizitza sozialen proiektuak bizkortzeko biderik eraginkorrena dela. Udalek eta Eusko Jaurlaritzak norabide berean egiten dugunean, azkarrago eta eragin sozial handiagoz aurrera egitea lortzen dugu”.

Sustapen hau Euskadiko Etxebizitza Legearen eta 2022-2036ko Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialaren helburuetan sartzen da. Horiek alokairuko etxebizitza babestuen parkea indartzearen alde eta lurzoru publikoaren kudeaketa aktiboaren alde apustu egiten dute, etxebizitza duin eta eskuragarrirako eskubidea bermatzeko funtsezko tresna gisa. Azpeitiaren kasuan, 16 etxebizitzek tokiko eskaerari erantzuten lagunduko dute; udalerrian erroldatuta daudenek lehentasuna izango dute, indarrean dagoen adjudikazio-araudiaren arabera.

 

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)