Euskalmeten arabera, martxoa hezea izan da orokorrean, eta aipatzekoa da intsolazioa urte-sasoi honetarako normala dena baino txikiagoa izan dela

Argitalpen-data: 


      Marzo.jpg
  • Datuek erakusten dutenez, Euskadin martxoan eguzki-orduak % 10-45 gutxiago izan dira, eremuen arabera

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, martxoa hezea izan da orokorrean, baina lehorra Gipuzkoako kantauriko bailaretan eta Bizkaiko ekialdekoetan, eta oso hezea Araba hegoaldean. Tenperaturari dagokionez, martxoa beroa izan da kostaldean eta ohikoa Araba hegoaldean. Intsolazioa urte-sasoi honetan ohikoa dena baino txikiagoa izan da, eta, eremuen arabera, eguzki-orduak % 10-45 gutxiago izan dira. Kasu honetan Gipuzkoako kostaldea izan da intsolazio handieneko eremua eta Araba hegoaldea txikienekoa. Hiriburuz hiriburu, Bilbok 104 eguzki-ordu izan ditu, Donostiak 126 eta Gasteizek 108.

Oro har, martxoa kontraste handiko hilabetea izan da Mediterraneo isurialdearen (batez ere, Ebro ondoko eskualdea) eta Kantauri isurialdearen artean. Lehenengoan euria ohikoa denaren bikoitza egin du, eta bigarrenean, aldiz, balio defizitarioak erregistratu dira, bereziki Gipuzkoako zati handi batean eta Bizkaiko ekialdean, batez ere Kantauriko bailaretan.

Prezipitazioari dagokioenez, baliorik altuenak han-hemenka sakabanatutako estazioetan erregistratu dira.  Horrela, ohikoa den moduan Gipuzkoako ipar-ekialdean, Nafarroako mugan, erregistratu dira prezipitazio-balio maximoak (Eskas 254 l/m², Añarbe 163 eta Berastegi 159), bai eta Araba hegoaldean (Kanpezu 212 l/m², Herrera 146 eta Navarrete 126) eta Gorbea inguruko mendietan ere (Sarria 187 l/m², Otxandio 164, Urkiola 160 eta Altube 155). Alde horretatik, deigarria da martxoan prezipitazio handienak izan dituen eremuetako bat, hain zuzen ere, Arabako hego-ekialdea izatea, lurralde nahiko lehorra baita. Horren arrazoia hegoaldetik iritsitako depresioek eraindako egoerak izan dira, hego-ekialdeko haize hezeak bidali baitizkigute.

Prezipitazio handieneko egunen artean, martxoaren 24a nabarmentzen da. Egun horretan egindako euriak azken kalifikazioa baldintzatu du, martxoan metatutakoaren % 32 inguru izan baita. EAEko batez besteko prezipitazioa 28.7 l/m²-koa izan zen, eta 50-70 l/m² inguruko balioak erregistratu ziren Kantauriko bailaretan (Eskas 70.8 l/m², Ordunte 56.6, Bidania 55.9, Berastegi 55.3 eta Galdakao 52.4) eta Gorbea inguruko mendietan (Sarria 62.1 l/m², Otxandio 52.6 eta Gorbea 51.3). Gainera, hainbat estaziok hautsi zuten martxoko euren serieetako ordubetean pilatutako prezipitazioari dagokion errekorra, horien artean, Bidaniak eta Eskasek, eta zaparrada handien erregistroak 21.5 l/h eta 21.4 l/h izan ziren, hurrenez hurren. Azpimarratu behar da, Kanpezun (2015eko maiatzean instalatu zen estazioa) martxoan pilatutako prezipitazioa bere serieko bigarren handiena izan dela, 2016koaren ondoren.  

Prezipitazio-egunen kopurua batez besteko klimatologikoa baino handiagoa izan da lurralde osoan, batez ere Araba hegoaldean. Kostaldean 13 bat euri-egun izan dira, 9 Arabako Lautadan eta 12 Arabako Errioxan.

Batez besteko tenperaturari dagokionez, Kostaldean 11-13 ºC artekoa izan da, eta Arabako Lautadan 7 ºC-tik gorakoa, 1991-2020ko batez besteko aldi normalaren gainetik 0,4 ºC inguru. Mendea hasi zenetik, balio horiek tarteko posizioan daude, eta 2001eko eta 1957ko beroenetatik urruti geratu dira, 3 ºC-ko anomaliak izan baitzituzten.

Muturreko meteorologiari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak 30 abisu hori aktibatu zituen martxoan, horietatik 1 prezipitazio iraunkorragatik, 3 elurragatik, 8 haizeagatik haizeguneetan, 6 haizeagatik haizeguneak ez diren lekuetan, 2 olatuen altueragatik nabigaziorako, 4 kostaldeko inpaktuagatik, 3 izotzagatik eta 3 baso-sute arriskuagatik.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)