- Epaimahaiak Espainiako abiadura handiko sareko lehen zubi tirantedunaren egikaritzearen konplexutasuna baloratu du
- García Chueca sailburuak azpimarratu duenez obra publiko handiek “osagai sozial handia dute, pertsonen bizitza hobetzen dutelako”
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak, Euskadiko Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoak ematen duen Caminos Euskadi 2025 saria jaso du, Euskal Y-aren Hernani-Astigarraga tarteko Hernaniko zubibidearengatik. Epaimahaiak Adifen abiadura handiko sareko lehen zubi tirantedunaren egikaritzearen konplexutasuna baloratu du.
Antonio López ETSko zuzendari nagusiak jaso du aintzatespena, Ingeniarien Elkargoak Santo Domingo de la Calzada zaindariaren egunaren inguruan urtero egiten duen Euskadiko Bideen festan. Atzo arratsaldean egin zen Bilboko Euskalduna Jauregian. Ekitaldian Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburu eta euskal trenbide administratzailearen presidenteak hartu zuen parte, eta defendatu zuenez, “obra publiko handiek osagai sozial handia dute, pertsonen bizitza hobetzen dutelako. Ez dira berez helburu bat. Gure azpiegiturek gero eta lurralde kohesionatuagoa izatea ahalbidetzen dute, gure geografiako zenbait eremutako despopulazioari aurre eginez, eta garraio publikorako azpiegituren kasuan, mugitzeko modu arin, moderno, irisgarri eta eskuragarriak hurbilduz, horiek prestakuntza- edo lan-aukeretarako zubiak baitira ekonomia edo hezkuntza poloetatik urrunen daudenentzat ”.
Hernani-Astigarraga da Euskal Y-aren Gipuzkoako trazadura zatitu den 17 tarteetatik azkena. ETSri egokitu zaio trazadura hori egikaritzea, Ministerioak Eusko Jaurlaritzari egindako kudeaketa-aginduaren bidez. Gehien bat 1,4 kilometroko zubibideak hartzen duen tarte hau eraikitzeko, hiru eraikuntza-metodo erabili behar izan dira. Erdiko zubibidea, 482 metroko luzerakoa, abiadura handiko Espainiako lehen zubi tiranteduna da. Bere berezitasuna da Urumea bi aldiz zeharkatzen duela, gutxieneko metro bateko babesarekin 500 urteko uraldiarekiko, eta A15 errepidearen azpitik igarotzen dela. Tarte horretan, gainera, sare berriak bat egiten du Adifen sare konbentzionalarekin.
Horrela, epaimahaiak azpimarratu du ingeniaritzako soluzio aitzindariak aplikatu direla Urumea ibaiaren eta autobidearen arteko zubibidea uholde-arriskuko eremu batean egokitzeko, Adifen aldirietako zerbitzuari eutsiz. Ibaiaren gaineko gurutzatze-baoak 67 eta 120 metro librekoak dira, eta, horiei esker, egitura hori eta uholdeen aurkako defentsarako URAren bideratze-proiektua bateragarri egin ahal izan dira.
1800eko eta 1500eko piloteekin egindako zimendatze sakona oso konplexua izan da, lurraren ezaugarri geoteknikoen ondorioz, eta, beraz, pilote guztiak in situ birkalkulatu behar izan dira. Gainera, zimendatze horietako batzuk lurzati kutsatuetan zeuden, eta uren kalitatea eta lurzoru horien kudeaketa bermatzeko ingurumen neurri guztiak zorrotz bete behar izan dira.
Taula estradosatua da, U formako sekzioarekin. Bertan, ertzeko habeek 3,4 metroko ertza dute 1. tartean, eta 4,05 metrokoa 2. tartean. Taula eraikitzeko zinbria arkupedunak erabili dira, uraldiei dagokienez eskatutako babesa errespetatuz. Ia 30 metroko altuerako 3 masta tirantedun ditu, 3 zatitan muntatuta eta tokian bertan soldatuta, eta urkila bikoitzeko 108 tirante. Horien kokapena bereziki konplexua izan da, oinplanoan duen trazadura S formako bihurgunea baita.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)