Euskal gizon gehienek zalantzan jartzen dute maskulinitate tradizionala, baina erdiak baino gehiagok ez du berdintasunezko eredurik praktikan jartzen

Argitalpen-data: 


      Gizonduz_emakunde_Vitoria_28-02-2025_JonUsual-3.jpg
  • Mutil gazteek, espazio digitaleko berdintasunaren aurkako mezuen eraginez, estereotipo kontserbadoreetarako joera handiagoa erakusten dute
  • Emakundek euskal maskulinitateei buruzko “Maskulinitatearen kutxa EAEn” azterlana aurkeztu du

Imanol Pradales Lehendakariak "Euskadin gizonekin eta maskulinitateekin berdintasunaren alde lan egiteko estrategiak" jardunaldia ireki du gaur Gasteizen, Emakundek antolatuta, gizonak berdintasunean sentsibilizatzeko eta inplikatzeko Gizonduz ekimenaren barruan.

Topaketa horretan, 2030 Gizonduz Estrategiaren esparruan datozen urteetan garatuko diren lan-ildoak aurkeztu dira, orain arte egindako ibilbidearen balorazioa egin da eta "Maskulinitatearen kutxa Euskadin. Maskulinitateen eraikuntza, jarrerak eta inpaktua euskal biztanlerian", izenburuko azterlanaren emaitzak aurkeztu dira. Lan hau Emakundek Reina Sofia FAD Juventud fundazioari egindako enkargua da lana.

Azterlan honen ondorio nagusietako bat da EAEko gizonen % 43,2k argi eta garbi arbuiatzen dituela maskulinitate tradizionalaren aginduak eta berdintasunezko ereduak jartzen dituela praktikan, eta soilik % 7k goraipatzen ditu genero-agindu tradizionalak, hau da, "maskulinitatearen kutxaren" barruan kokatzen direnak dira horiek. Gainerakoak, ia erdiak, % 49,8, erdibidean daude, eta agindu tradizionalekin ados ez badaude ere, ez dute maskulinitate berdinzalerik oraktikan jartzen.

"Maskulinitatearen kutxak" genero-estereotipo tradizionalekiko atxikimendu-maila kalkulatzen du. Barruan egoteak esan nahi du gizon batek nolakoa izan behar duen eta nola jokatu behar duen adierazten duten arau tradizional eta matxistetara egokitzea; kanpoan egoteak esan nahi du eredu horiek baztertzea eta maskulinotasunaren ikuspegi malguagoa eta berdintasunezkoagoa hartzea; ertzean egotea erdibideko jarrera bat da, non zenbait agindu zalantzan jartzen diren, baina haiek erabat alde batera utzi gabe.

Azken horien artean daude, besteak beste, honako ideiak: zaurgarritasuna erakusteko debekua, heterosexualitatea arau gisa barneratzea, benetako gizon batek ezin duela laguntza eskatu edo ez dituela erakutsi behar jarrera afeminatuak.

Gazteak berdintasunaren aurkako narratibek eraginda
Adina funtsezko aldagaia da honetan, eta, hain zuzen ere, gizon gazteenek, batez ere 15 eta 19 urte bitartekoek, maskulinotasun tradizionalaren estereotipoekiko joera handiagoa erakusten dute, gizon zaharrenek baino. Maskulinotasun hegemoniko tradizionalarekin lerrokatutako nerabeen ehunekoa % 22,5ekoa da; fenomeno horren arrazoia, besteak beste, ekosistema digitalean berdintasunaren kontrako narratiba misoginoen ugaritzean datza.

Maskulinitatearen eta genero-indarkeriaren arteko harremanari dagokionez, EAEko biztanleen % 80k gizarte-arazo oso larria dela adierazten dute, (gizonen %72,6ak eta emakumeen %88ak). Baina maskulinitatearen kutxaren barruan daudenentzat panorama desberdina da. Talde horretan, gehienek uste dute genero-indarkeria asmakizun ideologikoa dela. Azterlanak euskal gizarte osoa inplikatzen du, eta emakumeen kasuan ondorioztatzen da soilik % 2 dagoela maskulinitate-kutxaren barruan, genero-estereotipoetatik gehiago aldenduz.

Jardunaldian 300 pertsona izan dira, eta "Berdintasunaren aldeko gizonekin eta maskulinitateekin lan egiteko ikuspegiak, estrategiak eta jarraibideak" izeneko mahai bat ere izan da. Bertan parte hartu dute Joni van de Sand MenEngage Allianceko zuzendari orokorrak, Roy Galán idazle eta influencer-ak eta Tryggi Hallgrimsson Europako Kontseiluko berdintasunean adituak.

Honekin batera, Gizonduz 2030 Estrategia eta 18 urte betetzen dituen Gizonduz programaren ebaluazioa aurkeztu dira.
Saioa amaitzeko, Gazteria, Hezkuntza, Indarkeria matxista eta Zainketak, eta Gizonekin eta maskulinitateekin esku hartzea, Ondoezak eta genero-arazoak gizonetan eztabaida-taldeak sortu dira. Bi foroen ekarpenak kontuan hartuko dira 2030 Gizonduz Estrategia ezartzean.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)